Boluntariotzak izatea eta esleitutako funtzioak aztertzea balorazio-irizpideen parte dira.
102/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko programak abian jartzeko 2024an. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 750453.
Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, 63. artikuluan ezartzen duenez, adingabeen arreta integralari dagokionez, lehentasunezkoak izanen dira balizko babesgabetasun-egoerak eta adingabeen garapena kaltetzen duten edo haien eskubideak urra ditzaketen gabezia larriak prebenitzeko jarduketak.
Era berean, foru lege horrek 67. artikuluan prebentzio komunitarioa zedarritzen du, eta zehazten du prebentzio komunitarioa auzoetan, herrietan eta haranetan garatzen diren hainbat arlotako prebentzio jarduerei dagokiela. Arauak dioenez, prebentzio komunitarioa erantzukizun partekatua da, Nafarroako foru Komunitateko Administrazioaren, toki administrazioen eta haur eta nerabeen arloko sare komunitarioen artekoa. Toki administrazioek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sostenguarekin, beren lurraldean sustatuko dute haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioak abian jartzea eta garatzea, horretarako baliabide ekonomikoak, lokalak eta langunean horretara bideratuta.
Azkenik, foru lege horren 68. artikuluko 2. apartatuan ezartzen denez, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak deialdi bat eginen du, toki erakundeek haur eta nerabeak babesteko prebentzio plan komunitarioak garatu ahal izan ditzaten.
Erantzukizun partekatu hori gauzatzeko, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) egokitzat jotzen du toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, norgehiagokako araubidearen araberakoa, osorik edo partez finantzatzeko 2024an haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko proiektuak abian jartzearen ondoriozko gastuak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak dirulaguntzak emateko prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da ohiko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen dela.
Bestalde, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, balorazioa egiteari begira, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita beste klausula batzuk ere eragozteko laguntza publikoak ematea sexua edo generoa dela-eta lan jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia izanik, proposatu da deialdi hau onestea.
Horrenbestez, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, norgehiagokako araubidearen araberakoa, osorik edo partez finantzatzeko 2024an haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko proiektuak abian jartzearen ondoriozko gastuak.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.
3. 192.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastu-aurrekontuko "(E) Toki erakundeentzako dirulaguntza, haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko programetarako" izeneko 920008 93300 4609 231700 partidaren kargura.
4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Deialdi honen aurka, toki erakundeek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
6. Foru agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta DDBNn argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2024ko martxoaren 25ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)