1274E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2026ko dirulaguntzen deialdia onesten duena gazte kooperanteen "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako. DDBN kodea: 877578.
Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Gidariak beharrezko tresnak zehazten ditu garapenerako hezkuntzaren ardatz estrategikoa egituratzeko, eta eskatzen du gazte kooperanteen programa martxan jartzeko berriz, lehenago (1995-2011) egin zena Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera. "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" programaren helburua da Nafarroako gazteen artean sentsibilizazioa eta elkartasunaren balioa sustatzea. Horretarako, boluntario gisa parte hartuko dute nazioarteko lankidetza programetan, edo garapenerako lankidetzari buruzko tokian tokiko ikastaro teoriko-praktikoetan, hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek sustatuta eta gauzatuta.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legearen bidez aldatutakoak, ezartzen du, besteak beste, zer printzipiok, helburuk eta bitartekok gidatu behar duten nazioarteko ekintza solidarioaren arlo hori. Zehazki, 13. artikuluak, beste ekintza eremu batzuen artean, Nafarroako gizarte guztia hezi eta sentsibilizatzeko programa eta proiektuak aipatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatea ulertu eta elkartasuna sustatzeko. Era berean, 26. artikuluan eta hurrengoetan, garapenerako lankidetzako langile gisa sailkatzen dira boluntarioak, eta honela definitzen: interes orokorreko jarduera altruistak eta solidarioak askatasunez egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona fisikoak, integratuta daudenak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan, zeinek nortasun juridiko propioa izanen baitute eta parte hartuko baitute garapenerako lankidetzaren programa zehatzak kudeatzean edo gauzatzean. Era berean, zehazten da zer betebehar duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek boluntarioei dagokienez. Bestalde, foru lege horren 14. artikuluan adierazten denez, funts publikoak izanen dira, besteak beste, garapenerako lankidetza-ekintzak sustatzeko.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.
Orobat, eta bat etorriz 11/2005 Legearen 5 bis artikuluan ezarritakoarekin, dirulaguntza hau jasota dago indarrean den dirulaguntzen plan estrategikoan, izen honekin: "Gazte kooperanteen programa"
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.3 artikuluak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean xedatutakora igortzen du dirulaguntzaren izaera dela-eta hurrengo ekitaldietarako gastua eragiten den kasuetarako.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.6 artikuluak xedatzen duenez, aurrekontua betearazteko eskumenak alde batera utzi gabe eta lege mailako arau batek berariaz baimendutako kasuetan izan ezik, hurrengo ekitaldietan gastua eragiten duten espedienteek Nafarroako Gobernuaren aurretiazko baimena beharko dute etorkizuneko ekitaldiei egotzitako gastuaren zenbatekoa 600.000 eurotik gorakoa denean.
Horrenbestez, beharrezkoa da gazte kooperanteak sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" programarako dirulaguntzen araubidea arautzeko oinarriak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2026ko dirulaguntzen deialdia onestea gazte kooperanteen "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizazio programarako, bai eta haren aldez aurreko tramitazioa ere.
2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.
3. 85.000,00 euroko gastua baimentzea 2026ko gastu-aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 partidaren kargura, edo horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere gastu hori egiteko kreditu nahikoa badago.
4. Foru agindu hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)