Diru laguntzak irabazi asmorik gabeko erakundeei, Iruñeko espetxeko presoekin eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuetarako

2026ko apirilaren 30, osteguna

Boluntarioak sartzea eta esleitzen zaizkien funtzioak aztertzea proiektuaren kalitate teknikoaren parte dira, balorazio irizpideen barruan sartzen den elementu gisa.

180/2026 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdi bat, 2026. urterako, Iruñeko espetxeko presoekin eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuetarako. DDBN kodea: 891151.

Bat etorriz azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuarekin, haren bidez Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen baita, Justizia Zuzendaritza Nagusiak honako eskumen hauek ditu:

"Espetxe arloko Estatuaren legeria betearaztea, biktimentzako erreparazioa, gizarteratzea eta delituen prebentzioa ahalbidetuko dituen zigor betearazpena sustatuz eta garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenen esparruan" (68.g artikulua).

Foru dekretu horrek berak Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuari esleitzen dio, orobat, "zigorturiko eta espetxetik ateratako pertsonak gizarteratzeko programak bultzatzea" (82.g artikulua).

Horrekin bat etorriz, zerbitzu honek proposamen txosten bat eman zuen presoekin eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuetarako dirulaguntzen 2026ko deialdirako.

Txosten horrek adierazten du xede horietarako bideratutako zenbatekoa 241.142,00 eurokoa izanen dela, 2026ko gastu aurrekontuko partida hauen kontura:

–"F20001 F2400 4819 112104. %0,7 funtsa. Gizarte entitateentzako dirulaguntzak presoekin eta/edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak garatzeko", 241.142,00 euro.

Adieraztekoa da partida (F20001 F2400 4819 112104) %7,37 handitu dela aurreko urteko partidarekiko, Nafarroan espetxeratutako jende gehiago dagoelako eta tarte horretan inflazioa ere handitu delako.

Hori guztia kontuan hartuta, proposatzen da mantentzea preso edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketen proiektuetako (A modalitatea) gehieneko muga.

B modalitateari dagokionez (prestakuntza, kirol, arte eta kultura jarduketak), murriztu da, 10.000 eurora iritsi arte, eta ekintza errazagoak aurreikusten dira.

Deialdia kolektibo jakin bat –alegia, preso eta preso ohiak– gizarteratzeko denez, kontuan hartu behar da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, zeinak xedatzen baitu botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Bestalde, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduketak eta ekintzen hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.

Deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako partida baten bidez zati batean finantzatuta dagoenez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak onetsi behar du deialdia, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat; hori horrela, onetsi egin du 2025eko urriaren 21eko bilkuran, eta egokitzat eman du funts hori idazpuruan aipatutako deialdian erabiltzea.

Kontuan hartu behar dugu, orobat, 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa, zeinak ezartzen baititu Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoen jarduketa printzipio gidari batzuk Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela. Bete egin da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenekin bateragarri izan behar dute arau horiek. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Horregatik, oinarri arautzaileak ebazpen baten bidez ezarri behar dira, proposamen honen eranskinetan jasotzen denaren arabera. Oinarri arautzaile horiek arautuko dute nola eman dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateek presoekin eta/edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak garatzeko.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten, eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat, haren oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak onestea, irabazi-asmorik gabeko entitateek preso eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak egiteko; oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak foru ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

2. 241.142 euroko kreditua baimentzea, 2026ko aurrekontuko partida honen kargura:

 
Ikus taula osoa

AURREKONTUKO PARTIDA

URTEA

ZENBATEKOA

"F20001 F2400 4819 112104 (%0,7ko funtsa). Gizarte entitateentzako dirulaguntzak presoekin eta/edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak garatzeko

2026

241.142 euro

 

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzura eta Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Zerbitzura, eta baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) ere.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Diru laguntzak irabazi asmorik gabeko erakundeei, Iruñeko espetxeko presoekin eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuetarako
International Volunteer Year 2026