Osasunbideak bat egingo du maiatzaren 5ean ospatuko den Eskuen Higienearen Munduko Egunarekin, eta indarrak batuko ditu Osasunaren Mundu Erakundearekin (OME), Osasun Laguntzari Lotutako Infekzioen aurkako borrokan. "Salbatu biziak, garbitu eskuak" lelopean, hainbat ekintza egingo dira eskuen higieneak duen garrantzia nabarmentzeko, infekzioak zein mikroorganismo multierresistenteen hedapena prebenitzeko funtsezko neurri gisa. Mehatxu hori gero eta nabarmenagoa da osasunaren arloan eta arlo soziosanitarioan.
Eskuetako higieneak osasun publikoan betetzen duen funtsezko eginkizunaren jakitun, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu osasun arloko profesionalak, pazienteak eta herritarrak oro har praktika honen garrantziaz ohartaraztea lortzeko.
Alde batetik, kanpainaren irudia dakarten kartelak jarri dira Nafarroako osasun zentro guztietan, publikoetan zein pribatuetan, eskuetako higienearen garrantzia etengabe gogorarazteko. Horrez gain, osasun arloko profesionalek gutun bat jaso dute zeinetan azpimarratzen den eskuetako higieneari atxikitzeak funtsezko prebentzio neurri gisa duen garrantzia.
Bestalde, osasunarekin lotura duten prestakuntza ekintza guztietan eskuetako higieneari buruzko modulu espezifikoak gehitu dira. Eta horrekin batera, “Eskuetako higienea profesionalentzat” ikastaroaren bi edizio egingo dira, Osasuneko Irakaskuntza Planaren barruan. Lehenengoa ekainaren 3tik 16ra ospatuko da eta bigarrena berriz, urriaren 7tik 20ra.
Tuterako Reina Sofía Ospitalean informazio-mahai bat instalatuko da zeinetan paziente, senide eta profesionalek kanpainari buruzko informazioa jasotzeaz gainera, eskuak argi infragorrizko lanpara baten bitartez garbitzearen eraginkortasuna egiaztatu ahal izango duten.
Eta aurten, Giza Eskubideetako, Giza Ekonomiako eta Enpleguko Departamentuarekin lankidetzan, programa bitarteko soziosanitarioan sartu da, Osasun ministerioak (Osasun Publikoa eta Ekitatea eta Carlos III Institutua), Gizarte Eskubideen Ministerioak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak sustatutako arlo soziosanitarioko infekzioak prebenitzeko programaren barruan.
Aparteko eragina duen keinu erraz eta merkea
Eskuetako higienea, disoluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiliz egiten dena, infekzioen transmisioa prebenitzeko neurririk errazena zein eraginkorrena izaten dirau esparru guztietan, bereziki osasun arloan. “Bere sinpletasunak ez dio eraginkortasunari ezer kentzen: eskuak behar bezala garbitzea bezain egunerokoa den keinu batek biziak salba ditzake”, adierazi dute Osasuneko iturriek.
Kanpainaren helburua da arreta-puntuan eskuen higienea sustatzea, osasun-laguntzari lotutako infekzioak murrizteko eta pazientearen segurtasuna sustatzeko leku kritikoa izateagatik.
Baterako ekintzarako deia
Kanpainak galdera honi erantzuten dio: “Zergatik jarraitzen du hain garrantzitsua izaten eskuen higieneari buruzko ezagutzak partekatzea? “Izan ere, eskuak garbitzeak lagundu egiten du arreta medikoan patogeno arriskutsuen hedapena geldiarazten”. OME-k azpimarratu du neurri hori dela oraindik ere infekzioen prebentziorako neurririk eraginkorrena.
Hori dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bat egin du OME-ren deialdiarekin, osasun-arretan parte hartze duten eragile guztien (osasun-profesionalak eta pazienteak) parte-hartze aktiboarekin, liderren, osasun-kudeatzaileen konpromiso irmoarekin eta osasun-politiken arduradunen babesarekin, guztion artean eskuetako higienea lehentasunezko prebentzio-neurri gisa egon dadin osasun-zentroetan, laguntza-maila eta -eremu guztietan.