Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Memoria eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko du aste honetan, "Eskubide guztiak pertsona guztientzat" goiburuarekin.
Egun honen inguruan, lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Foru Gobernuak Bigarren Hezkuntzako ikasleei nahi ez den bakardadearen gaia helarazteko antolatu dituen proiektu-solasaldietako batean parte hartu du. Iruñeko Navarro Villoslada Bigarren Hezkuntzako Institutuko ekitaldi-aretoan hartu du Ados Teatroa eta Bidebitarte kooperatibaren proposamena, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak bultzatutako "Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolak" programan jasoa.
Giza Filmoteka proiektuak ikasleek eta irakasleek ondorengo solasaldi batean ikusi eta komentatu ahal izan dituzten mikrodokumentalak jasotzen ditu. Ikus-entzunezko piezek hunkitzeko, hausnartzeko, kontrastatzeko, hitz egiteko eta abarrerako aukera ematen duten testigantzak biltzen dituzte, ikastetxeko ekitaldi-aretoan ikusi eta entzun ahal izan duten bezala, bertaratutakoengandik oso gertu dagoen errealitateari buruz: edozein adinetako pertsonen "nahi ez den bakardadea", landa-inguruneetakoa zein hiri-inguruneetakoa.
Ildo horretan, Ollo lehendakariordeak ikasleak animatu nahi izan ditu ondorengo solasaldian parte hartzera, galdetzera eta gogoetak partekatzera: "Ikusiko, entzungo eta sentituko duzuenarekin inplikatzera animatzen zaituztet. Hausnartzera, hitz egitera eta eztabaidatzera animatzen zaituztet. Hori da Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Eskolak programaren helburuetako bat, belaunaldi berriei begirada kritiko eta propositiboak eraikitzen laguntzea".
Halaber, Ollok eskerrak eman dizkie Ione Zabalari (Ados Teatroa), Elena Aisari (BESARKADA-EL ABRAZO pertsona maite baten suizidioak kaltetutako pertsonen elkartea), Gorka Santestebani (departamentuko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzua) eta Pilar Suarezi, proiektuan izandako lankidetzagatik eta testigantzengatik.
Gogoan izan behar da bihar Oihartzuna-El Eco izenburuko mikrodokumentalen eta ondoko solasaldiaren beste saio bat izango dela Azkoieneko auditorioan.
Giza Liburutegia
Bihar, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, Civivox Condestablek 25 "giza liburu" baino gehiago hartuko ditu Iruñean. Giza Liburutegia istorioak kontatzeko dituzten pertsonen testigantza zuzenak aurkitu eta ezagutzeko gunea da. Horrela, aukeratutako "liburu-pertsonarekin" aurrez aurre eseri ahal izango dira, entzuteko, hitz egiteko eta elkarrizketak egiteko, ordu erdiz gutxi gorabehera. Jardueraren helburua topaketa sustatzea eta diskriminazioa murriztea da, desberdintasuna ospatuz eta pertsonekiko elkarrizketa, tolerantzia eta errespetua sustatuz, aurreiritziak eta estereotipoak zalantzan jarriz eta gizarte-kohesioa finkatzen lagunduz.
Horrela, bi saio egingo dira: bata goizekoa, teknikarientzat, ordezkari publikoentzat, elkarteentzat eta ikasleentzat (11:00etatik 13:00etara); eta bestea arratsaldekoa, herritar guztientzat irekia (18:00etatik 20:00etara). Inskripzioa egiteko eta "giza liburuen" katalogoa kontsultatzeko, esteka hau kontsulta daiteke: https://bibliotecahumana.navarra.es/eu/.
Bideo instituzionala
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan ere, Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak propio sortutako bideo bat zabaldu du. Aurten, lanak zirku eskola eta Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena batzen ditu, "Cree en las personas, crea derechos humanos. Si crees creas / Sinetsi pertsonengan, sortu giza eskubideak. Hasi eta hazi". Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuarekin batera, Intro Comunicación eta Urtxintxa Zirku Eskola aritu dira bideoa egiten.
Gogoan izan behar da abenduaren 10ean, 1948. Urtean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuela. Horrela, Nafarroako Gobernuak horien inguruan hainbat errealitate ezagutzen eta horiei buruz hausnartzen laguntzen duten jarduerak antolatu ditu, programa zabal baten barruan.
Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak 2025 edizioaren aurkezpenak, "Nuestros muertos" antzezlanak, Sendatzen duten hitzak errezitaldiak eta tailerrak, eta Baobab Danza eta Tremendo Piquete taldearen dantza eta musika ikuskizun-kontzertuak osatuko dute
Giza Eskubideen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta errealitate ezberdinei begirada bat zabaltzeko jardueren eskaintza. Jarduera ezberdinen helburua adin guztietako jendearengana iristea da eta guztiak doakoak dira, pazyconvivencia@navarra.es helbide elektronikoan sarrerak erreserbatuz.
Nafarroako Gobernuak herritar guztiak animatu nahi ditu Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren inguruko proposamenetan parte hartzera.