Nafarroak lehenengoz txertatzen du herritarren ongizatea politika publikoen analisi eta diseinuan

2026ko abuztuaren 21, ostirala

Nafarroako Gobernuak lehenengoz herritarren ongizate subjektiboa txertatu du alderdi berri gisara, ikertzeko foru-komunitatearen errealitatea eta laguntzeko politika publikoen diseinua hobetzen. Ikerlan berri horrek xede du adierazle ekonomiko eta sozial tradizionalak osatzea, jakinda pertsonek beren bizitza nola hautematen duten, haien ongizatea zer faktorek baldintzatzen duen eta non dauden desberdintasun handienak.

Ikuspegi berri hori Nafarroako Lehen Ongizate Subjektiboaren Inkestan oinarritzen da. Inkesta Foru Gobernuaren Analisi eta Prospekzio Bulegoak (APB) egin du, eta gaur aurkeztu dituzte haren emaitzak Javier Remírez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak eta Rubén Auza APBko zuzendari kudeatzaileak.

Ildo horretan, Remírez lehendakariordeak nabarmendu du enpleguaren, errentaren, jarduera ekonomikoaren edo zerbitzu publikoen kalitatearen adierazleak “ezinbestekoak” direla, baina “ez dutela berez azaltzen pertsonek beren bizitza nola hautematen duten”. Hori dela eta, "ongizate subjektiboa txertatzeak gure gizartearen ikuspegi zabalagoa izateko aukera emango digu, eta gure politika publikoak hobeto aztertzen eta diseinatzen lagunduko digu".

Era berean, azpimarratu du “zifra bakoitzaren atzean pertsonak, bizi-proiektuak, itxaropenak, kezkak eta desberdintasunak daudela, eta horiek ez ditugula beti ezagutzen estatistika bati begiratuta”. Horrela, tresna berri honen erabilgarritasuna defendatu du, Nafarroako adierazle nagusiak pertsonen eguneroko bizitzarekin lotzeko aukera ematen baitu. 

Hain zuzen ere, ikerketa honek eskaintzen duen lehen argazkiaren arabera, Nafarroako herritarrek, oro har, beren bizitzaren balorazio positiboa egiten dute, eta, gainera, lehendakariordeak azpimarratu duenez, "konfiantzaz begiratzen diote etorkizunari, eta beren ongizatea hobetzeko itxaropenez".

Hala, bizitzarekiko gogobetetasuna 6,8ko batez bestekoa lortu du 10etik; zoriontasunak, berriz, 7 puntu, eta bizitzaren zentzuak, 7,2. Gainera, urtebete barrurako espero den bizitzarekiko gogobetetasuna 7,1 puntukoa da, egungo balorazioa baino hiru hamarren handiagoa. 

Generoaren arabera, bizitzarekiko gogobetetasuna 6,7koa da emakumeen artean eta 6,9koa gizonen artean; bi taldeek, berriz, 7ko puntuazioarekin baloratzen dute beren zoriontasuna. Aldeak, adibidez, handiagoak dira ongizate emozionalarekin lotutako zenbait adierazletan. Izan ere, emakumeek 5,1eko batez besteko antsietate- eta larritasun-maila dute, eta gizonek, berriz, 4,6koa.

Osasuna, familia eta lana, ongizatearen faktore nagusiak

Pertsonen bizi-ongizatean gehien eragiten duten alderdien artean daude osasuna (% 44,1), familia (% 40,9), bizitza pertsonala (% 35,5) eta egoera ekonomikoa (% 31,1). Ildo horretan, osasunarekiko gogobetetasunak 6,9ko batez bestekoa du. Osasun mentalari dagokionez, batez besteko balorazioa 6,8koa da, nahiz eta gizonen eta emakumeen artean aldea dagoen: gizonek 7,1eko puntuazioa ematen diote, eta emakumeen artean 6,4koa da.

Familia-egoerak 7,2 puntuko batez bestekoa lortu du eta, gainera, Nafarroako herritarren laguntza-sare nagusietako bat da. Inkestatutako pertsonen % 64,8k adierazi du beti edo normalean familiara jotzen duela gai pertsonalak jorratzeko edo aholkuak eskatzeko. 

Lanbidearekiko gogobetetasunari dagokionez, batez bestekoa 7,1 puntukoa da; hala ere, soldataren eta enpleguaren baldintza ekonomikoen balorazioa 6 puntura jaisten da. Emaitzek erakusten dute, beraz, ongizatea lotuta dagoela bai egoera pertsonalekin eta laguntza-sareekin, bai pertsonek beren bizi-proiektuak garatzen dituzten baldintza materialekin.

Bizitza pertsonalaren egoerari dagokionez, adiskidetasunarekin eta bikote-egoerarekin lotutako alderdiek 6,9ko eta 6,7ko batez besteko balorazioak dituzte, hurrenez hurren. Aldi berean, sexu-harremanekiko gogobetetasuna 5,9ra jaisten da. 

Baldintza materialek ere eragin handia dute

Ikerlanak, halaber, diru-sarrerekin, lan-egonkortasunarekin edo etxebizitzaren egoerarekin lotutako bizitzarekiko gogobetetasunaren aldeak identifikatzen ditu.

Esaterako, norberaren egoera ekonomikoarekiko gogobetetasunak 6,2ko batez bestekoa du, eta bizitzarekiko gogobetetasunaren azpitik 0,6ra puntu dago. Lan-egonkortasunaren arabera ere aldeak ikusten dira. Kontratu mugagabea duten pertsonek 7 puntuko bizitzarekiko gogobetetasuna dute; aldi baterako kontratua dutenek, berriz, 6,2koa.

Etxebizitzari dagokionez, etxebizitzarekiko eta ingurunearekiko gogobetetasunak 7,1 puntuko batez besteko balorazioa lortzen du. Hala ere, etxebizitzaren edukitze-erregimenaren arabera aldeak daude bizitzarekiko gogobetetasunean: etxebizitza propioan bizi direnek alokairuan bizi direnek baino bizitzarekiko gogobetetasun handiagoa dute, eta aldea are handiagoa da alokatutako etxebizitza beste pertsona batzuekin partekatzen dutenekin alderatuta.

Lagin adierazgarri bat

Ikerketa honen helburua ez da soilik herritarren ongizate subjektiboaren maila baloratzea, baizik eta pertsonalki hautematen duten ongizatean eragiten duten eta hura azaltzen duten faktoreak ezagutzea ere bai, eta ongizate hori norberaren egoera objektiboen ondorio den edo kanpoko beste faktore batzuek ere eragiten duten ikertzea, faktore hauek ere garrantzitsuak baitira. 

Proiektuan, eta, beraz, baita txostenean ere, zenbait helburu espezifiko biltzen dira: herritarren ongizate subjektiboaren maila ulertzea, bizitzarekiko gogobetetasuna eta eguneroko emozioak aztertuta; bizi-kalitatean modu positiboan edo negatiboan eragiten duten faktoreak identifikatzea, hala nola ekonomia, enplegua, osasuna eta gizarte-ingurunea; egoera sozial eta politikoaren pertzepzioa ebaluatzea, faktore horiek norberaren ongizatean nola eragiten duten ezagutzeko; etxebizitzarako sarbidearekin, diru-sarrerekin, osasun mentalarekin eta harreman pertsonalekin lotutako balizko desberdintasunak eta zaurgarritasunak antzematea; eta erabakiak hartzeko eta herritarren ongizatea hobetzera bideratutako politika publikoetarako funtsezko datuak eskaintzea.

Helburu horiek lortzeko, erabilitako metodologia panel bidez egindako inkesta batean oinarritzen da. Inkesta horri Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren 1.100 pertsonaren lagin adierazgarri batek erantzun dio. Adierazgarritasun handiagoa izateko, inkestatik ateratako datuak bi aldagairen bidez haztatu dira: generoa eta bizileku-eremua. Eremuen araberako haztapena egiteko, Iruñerria Nafarroako gainerako lurraldetik bereizi da, eta, horrela, bi eremu desberdin ezarri dira.

Iturri: navarra.es

Nafarroak lehenengoz txertatzen du herritarren ongizatea politika publikoen analisi eta diseinuan
International Volunteer Year 2026