Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, ondorengo adierazpen instituzionala onartu du martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta:
“Emakumeen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez (INAI), feminismoak egindako aurrerapausuak aldarrikatzen ditu, eta azpimarratzen du ikuspegi feminista aplikatzen jarraitu beharra dagoela egiturazko desberdinkeria desagerrarazteko, kalte egiten dielako emakumeei, hau da, gure biztanleriaren erdiari.
Mugimendu feministak, funtsezko eragileek eta Nafarroako administrazioek elkarrekin egindako lanari esker, berdintasuna zeharka txertatu da agenda politikoan. Feminismoari esker, gero eta gehiago mintzatzen gara zainketei buruz, hobeki atzematen ditugu emakumeen bizitza eta autonomia mugatzen dituzten diskriminazioak, baliabide gehiago ditugu, eta gizarte hobean bizi gara.
Feminismoak historian zehar izandako lorpenak eztabaidaezinak diren arren, oraindik ere entzuten ditugu feminismoaren aurkako adierazpenak eta emakumeen kontrako indarkeria ukatzen duten ahotsak, ingurune digitalak are gehiago hedatu dituenak. Haien helburua da zilegitasuna kentzea emakumeen eskubideen arloan eman diren aurrerapausoei; ez da kontu berria, horrelako diskurtsoak indar handiz agertu izan dira historiako momentu ezberdinetan. Oraindik ere erronka asko ditugu, diskurtso antifeministei aurre egiteaz gain. Besteak beste, berdintasunaren ameskeria, arlo guztietan dauden genero arrakal ezberdinak, zaintza lanak, edo emakumeen kontrako indarkeria dira premia handieneko erronkak. Eta horiei aurre egiteko modu bakarra ikuspegi feminista txertatzea da.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna oinarrizko giza-eskubidea da; funtsezkoa, gizarte justu eta jasangarri bat sortzeko, benetan demokratikoa izanen dena. Eskerrak eman nahi dizkizuegu berdintasun printzipioa gauzatzen inplikatuta zaudeten guztioi: administrazio publikoetako departamentuetan lanean ari zaretenoi, enpresa pribatuetan, mugimendu feministan militatzen duzuenoi, eta egiturazko aldaketak lortzeko ahaleginak egiten dituzuen guzti-guztioi; izan ere, aldaketa horiek behar beharrezkoak dira emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna bermatuko duen gizarte baterantz aurrerapausuak emateko. Lan hori aitortzeko, Gobernuak Berdinna saria ematen du urtero. Aurtengoan, Acción Contra la Trata- ACT (Giza salerosketaren aurkako ekintza) elkarteak jaso du sari hori, batez ere emakumeen eta neskatoen salerosketa desagerrarazten egindako lanagatik eta berdintasunaren arloan egin dituen sentsibilizazio ekintza ugariengatik.
Aurtengo Martxoaren 8an, Nafarroako Gobernuak herritarrak gonbidatzen ditu egun horren inguruan antolatutako ekitaldietan parte hartzera; halaber, gobernu honek berretsi egiten du berdintasun printzipioarekin hartu duen konpromisoa: ezin da atzerantz pausorik eman.
Feminismo gehiagorekin, aurrerantz jarraitzen dugu. Martxoaren 8a, hainbeste lortuta hainbeste lortzeke.”