Kanpo Ekintzak irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak deitu ditu, Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko

2025ko otsailaren 4, asteartea

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, laguntza-deialdi bat argitaratu du, enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatu ahal izan ditzaten, Europako laguntzen deialdietan egiten dituzten proposamenen kalitatea eta horiek arrakasta izateko probabilitatea hobetzeko.

Deialdi hori atzo argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta datozen egunetan beste deialdi bat egingo du Gobernuak, EBko politikak eta estrategiak hedatzeko jarduerak bultzatzeko, hori ere irabazi-asmorik gabeko entitate eta enpresentzat. Kasu honetan, helburua da EBko integrazio-prozesuan Nafarroako herritarren inplikazio eta parte-hartze handiagoa lortzea.

Bi deialdiak azaltzeko, datorren ostiralean, otsailak 7, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak "online" mintegia antolatu du. Bertan, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Silvia Ojer Europako Proiektuen Bulegoko zuzendariak, Rodrigo Zardoya Dedalo Fundazioko zuzendariak eta Gorka García NAIR Centerreko zuzendari kudeatzaileak parte hartuko dute. Rodrigo Zardoyak eta Gorka Garcíak beren erakundeek EBko politikak eta estrategiak hedatzeko deialdiaren onuradun gisa duten esperientzia azalduko dute, eta Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen onuradun gisa dutena, berriz, bigarrenean. Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak emango dio amaiera mintegiari.

Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak

Proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen deialdiaren laugarren edizioa da hau, eta, orain arte, 20 pertsonaren kontratazioa finantzatu du. Guztira 240.000 euro ditu, erdia 2025. urterako eta erdia datorren urterako. Diruz lagundu daitezkeen kontratuek berriak izan beharko dute, lanaldi osokoak, eta gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan beharko dute, besteak beste. Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da kontratazio bakoitzeko, eta erakunde berak hainbat pertsonarentzat aurkez dezake eskaera.

Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan irekiko da, eta martxoaren 3an amaituko da. Laguntzak emateko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: plantillaren tamaina, kontratazioaren beharra eta helburuak, kontratatu nahi den profilaren egokitasuna, proiektuaren ideia eta konpontzen den arazoa, prestakuntza-jardueretan parte hartzea eta aurretik onuradun izan ez izana.

EBko politikak eta estrategiak zabaltzeko deialdia

Bestalde, EBko politikak eta estrategiak hedatzeko eta jakinarazteko deialdia laster argitaratuko da, 50.000 euroko zuzkidura izango du 2025erako, eta enpresei (25.000 €) eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei (25.000 €) ere zuzenduta dago. Erakunde interesdunek itzuli beharrik gabeko laguntza lortu ahal izango dute Europako Batzorde berriak 2025-2029 aldirako lehentasunezkotzat jo dituen gaiei buruzko ezagutzak zabaltzeko: Europan oparotasun eta lehiakortasun iraunkorrerako Plana, pertsonei laguntzea eta gure gizarteak eta gizarte-eredua indartzea, elikagaien, uraren eta naturaren segurtasunean gure bizi-kalitateari eustea, gure demokraziaren babesa eta gure balioen defentsa, eta "Europa globala: gure botereari eta gure elkarteei ahalik eta etekinik handiena ateratzea" programarekin lotutako gaiak.

Egindako gastuen ehuneko 100 finantzatuko du laguntzak, eta gehienez ere 5.000 euro, diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren gainean. Gastu horiek 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin beharko dira. Dirulaguntza emateko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: egingo den jardueraren deskribapena, aurreko deialdietan onuradun ez izana, kalkulatutako aurrekontua, erakunde eskatzailearen esperientzia, edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekiko konpromisoa.

Laguntza-deialdi honen bosgarren edizioa da hau. Aurreko lau edizioetan, 39 hedapen-ekintza finantzatu dira, besteak beste, jardunaldiak, kongresuak, argitalpenak eta abar, hainbat gairi buruzkoak: berdintasuna, nekazaritzaren digitalizazioa, herritarren parte-hartzea, enplegurako prestakuntza eta osasunari buruzko ikerketa Europan, besteak beste.

Kanpo Ekintzak irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak deitu ditu, Europako proiektuen kudeatzaileak kontratatzeko