Toki entitateek kontratatutako langileek, besteak beste, arreta ematen diete harrera- eta informazio-eremuei, aparkalekuak kontrolatzen dituzte eta Nafarroako zenbait naturgunetako bidezidorrak, iturriak edo seinaleak mantentzen dituzte. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak urtero argitaratzen du diru-laguntza deialdia, entitateek langile horiek kontratatu ahal izateko. Horrek, batzuetan, zuzenean espazioa bisitatzera irekitzea edo jende gehien biltzen den denboraldian indartzea dakar, eta, horrela, garapen sozioekonomikorako duten potentziala hobetzen da.
Aurten, natur guneen erabilera publiko iraunkorra sustatzeko 180.000 euroko laguntza emango zaie toki-erakundeei. Deialdi hau hasi zenetik, urtero zazpi eta hamar eskaera artean babestu dira, baina horrek ez du esan nahi esku hartzen duten toki-erakundeen kopuru bera izaten denik, esleitzeko irizpideen artean lankidetzan kudeaketa-proposamenak aurkeztea eskatzen baita, partekatutako jabetzako espazioetarako.
Ingurumenak ematen duen laguntza ekonomikoarekin, zentzu zabalean, herritar guztientzako zerbitzu ekosistemikoak ematea bultzatu nahi da. Era horretan, ekimen honek hainbat helburu biltzen ditu: alde batetik, kudeaketak dituen gastuetarako laguntza eman nahi da eta erabilera publikoaren gaineko diru-sarrerak erraztu, landa-lurraldeentzat babestutako eremuen natura-ondareari eustea garestia izan ez dadin, gizarte osoarentzat zuzeneko eta zeharkako onurak sortzeko bidea da-eta.
Bestetik, babes horrek aukera ematen du herritarrek natura-ondarea eskuratzeko gaitasuna eta baldintzak hobetzeko, errespetuzko jarrerak eta balio-esleipena sustatuz eta Foru Komunitateko baliabide naturalen garrantziaren inguruan sentsibilizatuz.
Informatzea, arreta ematea eta heztea
Toki-erakunde interesatuek abuztuaren 17ra artea aurkeztu ahal izango dituzte telematikoki beren proposamenak, zaintzak-lanak, bisitarien arreta eta ingurumen-arloko hezkuntza eta informazioa sustatzeko, espazio horien erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri eginez. Toki-erakundeen baterako kudeaketaz gain, diru-laguntza emateko beste puntuazio-irizpide bat da, handienetik txikienera, espazioen babes-maila (Erreserba edo Enklabe naturalak, Babestutako paisaiak, Kontserbazio Bereziko eremuak, eta abar) eta horien balio naturala.
Halaber, bisitarien kopuruak, erabilera publikoa dela-eta espazioaren gainean egiten den presioaren kalkuluak eragina du erabakia hartzerakoan. Kategoria horretan puntuak lortzeko, gutxienez 1.500 bisitari izatea aurreikusi behar da. Horrez gain, erabilera publikoarekin loturiko edo horretarako bideratutako azpiegiturak izatea (aparkalekuak, etxolak, bidexkak, komunak, etab.) eta azken 5 urteetan lan-mota horretan izandako esperientziak osatzen dute koadroa.
Diru-laguntza izan dezaketen gastuak eta zenbatekoak
Oinarrien arabera, diru-laguntzaren zenbatekoa kontratuaren edo fakturaren zenbatekoaren %90era bitartekoa izan daiteke, gutxienez 5.000 euro eta gehienez 40.000 euro, puntuazioaren arabera, dagoen partida ekonomikoa amaitu arte. Berdinketa gertatuz gero, erabakia zozketa bidez hartuko da. Diru-laguntza izan dezaketen gastuen artean, aurtengo azaroaren 3ra bitarte, honako hauek aurkitzen dira: langileak eta zerbitzuak kontratatzea, laneko aholkularitza eta kudeaketa, aurreikusitako funtzioak betetzeko behar diren joan-etorrien kilometrajea eta memoria teknikoa idazteko kostuak.
Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, estekaren bidez; prozedurarekin loturiko jakinarazpenak ere telematikoak izango dira. Laguntza ematearekin batera, proiektatutako jardueren ingurumen-baimena emango da.
Zerbitzu ekosistemikoen sorrera: 90eko hamarkada
Besteak beste, Erromantzatua, Irunberri, Aezkoa edo Zaraitzuko ibarra edo Junta del Monte Limitacionesen (Ameskoak) proposamenak babesten dira urtero. 2025ean, adibidez, Benasako Arroilako ibai-igerilekua zaintzeko epea luzatu zen, eta tailerrak egin ziren Bigüezalen edo Usunen; era berean, Iratirako sei zaindari kontratatu ziren, uztaila eta urria artean jende asko egongo zela aurreikusita, 2024an, Biosferaren Erreserba izendatu baitzuten. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren laguntzek Los Cristinos, Norriturri eta Akuandi kobazuloetarako sarreren zaintza berezia egiteko edo mantentzeko ere balio izan zuten, geodibertsitate-maila handia izateagatik.
Arbaiun eta Irunberriko Arroilak, Iratiko Oihana edo Urbasa eta Andiako Parke Naturala dira, baita ere, babestutako zenbait proposamen eta entitate, oro har deialdiak baimendutako mugarekin, eta guztiek 20.000 bisitari baino gehiago izaten dituzte urtean, eta erabilera publikorako azpiegiturak dituzte babestutako natur gune oso erakargarrien inguruan. 2018az geroztik, berriz, deialdi honen laguntzak jasotzen hasi dira Deierri, Gesalaz edo Larraun bezalako beste herri batzuen proposamenak.
Nafarroako Gobernua 90eko hamarkadan hasi zen lan horietarako laguntzak ematen toki-erakundeei, eta, orduan, lankidetza-hitzarmenen bidez artikulatzen zen. Garai hartan, nazioartea sentsibilizatzeko unea zen, Europa osoan inflexio argia, eta aukera eman zuen Habitaten Zuzentaraua onartzeko (1992), eta hori Hegaztien gaineko Zuzentarauari (1979an onartua, egun indarrean den edukia 2009koa izan arren) batu zitzaion. Horrela, bi erregulazio horien sorrerarekin Natura 2000 Sarea sortu zen, planifikatzeko eta kontserbatzeko tresna bat, gaur egun indarrean jarraitzen duena.
Iturri: navarra.es