Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskarako kontseilariak 2025-2029 aldirako Nafarroako II. Bizikidetza Planaren oinarrizko ildoak aurkeztu du gaur, Gobernu Saioan, Nafarroa plural eta askotariko baten bizikidetza politiko, sozial eta kulturalean sakontzeko.
Gobernu Irekiaren webgunearen bidez gaur hasiko da parte-hartze prozesuaren fasea, eta haren helburua da Foru Komunitateak datozen urteetan izango dituen erronka nagusiei heltzea, gero eta askotarikoagoa eta pluralagoa den gizarte batean giza eskubideak bakean defendatzeko. Hori guztia mundu aldakor baten testuinguru globala kontuan hartuta eta indarkeria oro deslegitimatzeko eta testuinguru desberdinetako biktimei (terrorismoa bereziki ETArena), frankismoa eta funtzionario publikoek edo eskuin muturrak eragindako indarkeria) arreta emateko emandako urratsak sendotuz.
Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, plan berriaren zirriborroa aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren ikuspegi "zabal eta ireki" batekin sortu da, hainbat eremu eta mailatan, Nafarroaren ibilbidea eta errealitatea kontuan hartuta, baina baita egungo Europako eta munduko testuingurua ere, "inboluzio" mehatxuz betea, hala nola autoritarismoak, albiste faltsuak edo "fake news"-ak edo gorrotoaren diskurtsoak.
Nafarroako I. Bizikidetza Plana (2021-2024) hartzen du oinarri dokumentu horrek, eta memoriaren, bakearen eta bizikidetzaren arloko politika publikoetan ere gauzatzen da; politika horiek zeharka bultzatzen ditu sail honek eta Gobernuak 2015etik, eta koherentea da Gobernuari sostengua ematen dion akordio programatikoarekin. Proposamenak hiru ardatz ditu ("Memoria, Biktimak eta Bizikidetza Politikoa", "Elkarrekin aniztasunean bizitzea" eta "Bizikidetza eta Giza Eskubideak"), eta ehun ekintza baino gehiago antolatzen dituzte. Aurreikuspenen arabera, Nafarroako Gobernuak aurtengo azken hiruhilekoan onartu ahal izango du.
Gogoratu behar da lanketa- eta partaidetza-prozesu hori 2024aren amaieran hasi zela, lehendakariordeak dagokion foru-agindua sinatu zuenean, eta, horren ondorioz, hainbat hilabetetan plana bera landu zen, hainbat esparrutan metodologia parte-hartzailea erabiliz. Orain arte, Gobernuko beste sail batzuen ekarpenak aztertu dira, eta, orain, dokumentua herritar guztiek parte har dezaten ireki da, Nafarroako Gobernu Irekiaren atariaren bidez.
Herritarren eta erakundeen parte-hartzea
Era berean, modu paraleloan eta bateratzailean, erakunde arteko prozesu bat ere hasten da (toki-erakundeak, Parlamentua, unibertsitateak, elkarteak...), gizarte zibileko hainbat eragilerekin, ahalik eta emaitzarik parte-hartzaileena eta adostuena lortzeko helburuarekin.
Lan hori departamentuko Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak dinamizatzen du, eta Nafarroako Zientzia Politikoetako eta Soziologiako Doktore eta Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren laguntza teknikoa du. Erakunde horrekin hitzarmen bat berritu da helburu horretarako eta lehen plana ebaluatzeko.
Nafarroako I. Bizikidetza Planaren emaitzei dagokienez, Ollo lehendakariordeak dokumentuan bertan jasotako lanaren balioa nabarmendu du, "giza eskubideen errespetua lortzeko, egiturazko bidegabekeriak prebenituz eta gatazketan indarkeriaren erabilera baztertuz". Lau urtetan (2021-2024), barruan zituen 97 ekintzak barne, lehen planak Jaurlaritzako zortzi sailen eta 67 gizarte-erakunderen lana bildu du, eta horien aplikazioari buruzko balorazioa positiboa izan da.
Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, orain da unea Nafarroako "lehen Bizikidetza Planaren oinarrizko ildoak finkatzeko, gure komunitateko bizikidetzaren ibilbide-orria eguneratzeko funtsezko ardatzetan, demokraziaren, giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren arloan testuinguru propio eta nazioarte aldakor eta zorrotz batean. Hori guztia aniztasuna errespetatuz eta indarkeria oro deslegitimatuz ". Ildo horretan, Ollok azpimarratu du Nafarroan beharrezkoa dela "bizikidetza soziala eta politikoa sendotzea, eta are gehiago ultraeskuindar korronteek, gorrotoaren diskurtsoen ugaritzeak eta gure inguruan ere eragina duten beste fenomeno global batzuek dakartzaten mehatxuen aurrean. Lortu den horretan ez da atzerapausorik onartu behar, eta, horrez gain, aurrera egiten jarraitu behar da".
Bizikidetza soziala eta politikoa kultura-, hizkuntza- eta genero-aniztasunean
"Horregatik -jarraitu du Ollo lehendakariordeak- Nafarroako II. Bizikidetza Planean jaso beharko ditugu memoria kritiko baten politika publikoak, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde lan egingo dutenak. Giza eskubideen eta askatasun politikoaren urraketak ez errepikatzea bermatuko duten baldintzak sortzeko, testuinguru biktimologiko guztietako biktimen eskubideak enpatiatik, aitortzetik eta asebetetzetik abiatuta, diluziorik eta parekatzerik gabe". Hala, lehenengo ardatzak diktadura frankistaren, terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren beste bortizkeria batzuen biktimen eta haien lege-esparruaren inguruko hainbat neurri eta ekintza aipatzen ditu.
Bigarren plan horren erronka da, bizikidetzaren eremuan "biktimen memoria, haienganako justizia eta erreparazioa eta bizikidetza politikoa" indartzeaz eta sendotzeaz gain, "kulturari, identitateari, ideologiari, belaunaldien artekoari, jatorriari, hizkuntzei, erlijioari, generoari eta abarri dagokienez, gero eta pluralagoa den Nafarroan sortzen diren beste erronka batzuk onartzea". Gai horiek lehen planean aipatzen ziren, baina nabarmendu eta zabaldu egin behar dira, XXI. mendeko Nafarroako bizikidetza-erronkak taxutuko baitituzte. Munduan jokoan dagoena demokrazia beraren sendotasuna eta etorkizuna da", esan du Ollok.
Nafarroako II. Bizikidetza Planak (2025-2029) – prozesu parte-hartzaile hau amaitzean aurreikuspen ekonomikoa ere izango du – elkarbizitzarako eredu berrietarako trantsizioa sustatu beharko du, elkarrekiko aitorpenean eta aniztasunaren kontsiderazio positiboan oinarrituta, giza eskubideen, askatasunaren eta justizia sozialaren errespetutik abiatuta.
Horrela, aipatutako hiru ardatzek ehun ekintza baino gehiago biltzen dituzte, sei eremutan banatuta: Giza Eskubideen aplikazioa; identitate, sexu- eta genero-aukera, hizkuntza-aukera, erlijio-aukera, kultura eta jatorri desberdinen arteko bizikidetza; frankismoaren, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen eskubideak aitortzea eta aplikatzea; memoria kritiko eta inklusibo bat eraikitzea; elkarrekin bizitzeko hezteko eta ikasteko beharra; eta erakundeek bizikidetzaren erreferente izateko duten zeregina.