Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, eta urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren bidez haren erregelamendu bidezko garapena egin zenetik, animaliak babesteko ordenantzak eguneratu behar izan dituzte Nafarroako udalek, araudi berri horren arabera egokitzeko eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.
Geroago, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legea Estatuan indarrean sartzeak are beharrezkoago egin du indarrean dauden araudi guztiak bat etortzea.
Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak edukitzeko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animalien eta pertsonen arteko interrelazioak eta udal-mugarteko kaleko animalia kolonien eta pertsonen arteko interrelazioak.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:
a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatu ematea eta mantentzea, eta katu-koloniak kudeatzea.
b) Baldintzak ezartzea lagun egiteko animaliak edukitzeko etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan.
c) Kontrolatzea eta zaintzea beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak, egiaztatzearren zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.
d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.
e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.
f) Sustatzea animalien babesari buruzko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.
7/2023 Legeak, martxoaren 28koak, Estatuko Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babestekoak, honako hauek ere ezartzen ditu:
a) Administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen esparruan, animaliak babesteko lurralde programak onetsi beharko dituzte, lege horrek ezarritako baldintzetan.
b) Toki-erakundeek Animalien Babesari buruzko Estatistikaren prestaketa koordinatuko dute eskumena duen ministerio departamentuarekin eta Estatuko Administrazio Orokorreko gainerako organo eskudunekin, autonomia erkidegoekin eta Ceuta eta Melilla hiriekin, Espainiako gizartean animalien babesak duen egoera ezagutzeko eta hura ebaluatzeko eta hobetzeko erabakiak hartzeko.
c) Udalei dagokie galdutako eta abandonatutako animaliak jaso eta artatzea, eta animalien babeserako zentro batean kokatzea. Horretarako, larrialdiko zerbitzu bat eduki beharko dute animalia horiek jaso eta albaitaritza-arreta emateko, eguneko hogeita lau orduetan. Kudeaketa hori udal zerbitzu eskudunek edo entitate pribatuek zuzenean egiten ahalko dute, baina, ahal den guztietan, animalien babeserako erakundeekin lankidetzan egiten ahalko da.
d) Legedia autonomikoan beste aurreikuspenik ez badago, tokiko administrazioari eta, subsidiarioki, autonomia erkidegokoari dagokio babesgabe dauden edo kalteberatasun egoeragatik haien jabeek artatu ezin dituzten animaliak kudeatzea eta zaintzea, hargatik eragotzi gabe erakundeen laguntza izatea behar bezala erregistratutako animaliak babesteko.
e) Toki-erakundeek hiri faunaren populazio kontrol ez-hilgarria lehenetsiko dute animalia babesaren arloko jarduera planetan, eta animalien eskubideak bermatuko dituzte.
f) Toki-erakundeek beren gain hartuko dituzte lege horretan jasotzen diren katu kolonien arloan tokiko administrazioak dituen eginkizun guztiak.
g) Toki-erakundeetako organo eskudunei dagokie animaliak babesteko zentroetako instalazioak eta horietan ostatatzen diren animaliak ikuskatzea eta zaintzea, bai modu iraunkorrean, aldi baterako edo igarotze moduan, bai eta albaitaritza zentroak, nukleo zoologikoak, egoitzak, animaliak hazi eta saltzeko zentroak, animaliak hezi eta aldi baterako zaintzeko zentroak edo animaliak ostatatzen dituen beste edozein establezimendu ikuskatzea eta zaintzea ere, aterpearen iraupena, xedea eta animaliak garraiatzeko enpresak eta animaliak garraiatzeko enpresak edozein direla ere.
h) Zehatzeko ahalmena erabiltzea kasuan kasuko udaletako organo eskudunei dagokie. Udal agintariek zehapenak ezarri eta lege honetan jasotako neurriak hartzen ahalko dituzte arau-hausteak udal espazio publikoetan egiten direnean edo toki titulartasuneko ondasunei eragiten dietenean, betiere gaiaren gaineko eskumena badute legedia espezifikoaren arabera. Udal ordenantzek zehaztapenak edo mailakatzeak sartzen ahalko dituzte lege honetan tipifikatutako arau hausteen eta zehapenen koadroan.
Betebehar horiek arautuko dira ordenantza honetan, alde batera utzi gabe honako eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:
–Atariko tituluak ezartzen ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta ordenantza garatzeko aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.
–Lehenbiziko tituluak ezartzen du zeinahi animalia udalerrian izateko araubidea, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko mugak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun arauak.
–II. tituluak arautzen ditu animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak.
–III. tituluak xedapen gehigarriak garatzen ditu animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako: lagun egiteko animaliak, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak, laguntza-txakurrak, polizia eta segurtasun enpresa baimenduetako agenteen txakurrak; ekidoak; ekoizpenerako animaliak; animalia basatiak eta exotikoak.
–IV. tituluak arautzen ditu udalerriko kaleko animalien koloniak.
–V. tituluak ezartzen du ordenantza honen zehapen araubidea: zehaztuko du zer arau-hauste ekarriko dituzten ez-betetzeek, eta ezarriko ditu zehapenak, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.