Programa Global Mayores diru-laguntza adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat

2025ko apirilaren 22, asteartea

"Boluntariotza Programa" modalitatea, maioreen eremuan boluntariotza-programak egiten dituzten boluntariotzako erakundeentzat

336E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Adinekoen Programa Globala" dirulaguntzaren deialdia adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2025. urterako. DDBN identifikazioa: 819147.

 

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinaren B)13 puntuan, dirulaguntzak ezartzen dira hirugarren adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateentzat, eta xedatzen da ezen baliabide horien helburua dela hirugarren adinekoen autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasuna prebenitzera bideratutako programak egin daitezen bultzatzea, bai eta programa horiek garatzen dituzten entitateen asoziazionismoa sustatzea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honako hau joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradun diren entitateen artean hainbanatzea proposatuko da.

Azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, ezartzen du nahitaezkoa dela klausula sozialak sartzea dirulaguntzen oinarrietan edo horiek emateko arauetan. Deialdi honen xedea adineko pertsonek ahalik eta autonomia mailarik handiena izan dezaten lortzea eta, orobat, desgaitasun edo mendekotasun egoeren agerpena atzeratzea denez gero, bete-betean betetzen da baldintza hori.

Bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako esparruarekin, 2017-2022 aldirako Nafarroako Zahartze Aktiboaren eta Osasungarriaren Estrategiaren oinarriak dira adinekoen eskubideen aitortza, batetik, eta, bestetik, Nazio Batuen printzipioak: independentzia, parte-hartzea, duintasuna, laguntza eta norberaren nahiak egiteko aukera, eta orobat, ekitatea eta aukera- nahiz tratu-berdintasuna, bizitzako alderdi guztietan.

Estrategia horren xedea da Nafarroako biztanleak ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta bizi-kalitate onenarekin zahartu daitezen sustatzea, halako moldez non pertsonek ahalik eta luzaroen iraunen duten aktibo, autonomo eta independente.

Bat etorriz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluarekin, dirulaguntzen deialdi hau ez dago Europar Batasuneko estatu-laguntzen araubidearen menpe, ez baitago distortsiorik ez merkatuan ez lehian. Izan ere, dirulaguntzaren hartzaileak irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, hirugarren adinekoen esparruan zerbitzu ematen dutenak, erretiratuen klubak eta adinekoen elkarteak esaterako, eta halakoek ez dute eragin ekonomikorik merkatuan, zahartze aktiboaren programek ez dutelako etekinik sortzen; badute, ordea, berebiziko interes soziala, adinekoen ongizatean eragina dutenez gero.

Ildo beretik, 2030 Agendak biztanleria kalteberenari heltzen dio, hala nola Zahartze Osasungarriaren Hamarkadan (2021-2030), eta gobernuak, gizarte zibila, nazioarteko erakundeak, profesionalak, erakunde akademikoak, komunikabideak eta sektore pribatua biltzeko aukera ematen du hamar urteko jardun bateratu eta lankidetza katalizatzailearen inguruan, adinekoen, haien familien eta bizi diren komunitateen bizitzak hobetzeko.

Ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Programa Global Mayores diru-laguntza adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat