Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, animaliak babesteko ordenantzak eguneratu behar izan dituzte Nafarroako udalek, lege berri horren arabera egokitzeko eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.
Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak izateko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animalien eta pertsonen arteko interrelazioak eta udal-mugarteko kaleko animalia kolonien eta pertsonen arteko interrelazioak.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:
Udalen betebeharrak:
a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatu ematea eta mantentzea, eta katu-koloniak kudeatzea.
b) Baldintzak ezartzea honetarako: lagun egiteko animaliak edukitzeko etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan.
c) Kontrolatzea eta zaintzea beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak, egiaztatzearren zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.
d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.
e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.
f) Sustatzea animalien babesari buruzko prestakuntza, dibulgazio eta informazio jarduerak.
Betebehar horiek arautuko dira ordenantza hauetan, alde batera utzi gabe honako eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:
–Atariko tituluak ezartzen ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta ordenantza garatzeko aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.
–1. tituluak zeinahi animalia udalerrian izateko araubidea ezarriko du, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko mugak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun arauak.
–2. tituluak animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak arautuko ditu.
–3. tituluak animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako xedapen gehigarriak garatuko ditu: lagun egiteko animaliak, zakur potentzialki arriskutsuak, laguntza-zakurrak, ekidoak eta beste kasu batzuk.
–4. tituluak arautzen ditu udalerriko kaleko animalien koloniak.
–5. tituluak ezartzen du ordenantza honen zehapen araubidea: zehazten du zer arau-hauste ekarriko dituzten ez-betetzeek, eta ezartzen ditu zehapenak, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.
Ikusi ordenantza osoa (kanpoko esteka)