Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2023-2024 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat

2023ko abuztuaren 3, osteguna

Boluntarioak kontuan hartzen dira programako jarduerak zuzentzen dituzten langileen ezaugarrietan.

Kirol anitzeko programako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroako kirol lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren lanbide kualifikazioak izan beharko dituzte (bertan sartzen dira Gorputz Hezkuntzako irakaslearen, entrenatzailearen, kirol monitorearen eta langile boluntarioen lanbideak).

78E/2023 FORU AGINDUA, uztailaren 13koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2023-2024 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat. DDBN identifikazioa: 709222.

 

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.e artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Bultzatzea eta begiratzea batez ere adingabeentzat diren edo adingabeek parte hartzekoak diren kirol jarduera publikoen helburua izan dadila pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzea, eta jarduera horiek haurraren edo gaztearen egoera fisikora, gaitasunetara eta hezkuntza premietara egokitu daitezela. Gorputz hezkuntza eta kirola bultzatu, ezarri eta garatuko da hezkuntzako maila, gradu eta modalitate guztietan, eta eskola adineko kirola sustatuko da ariketa fisikoa eta kirol jarduera bultzatuz, bai jolas gisakoa, bai lehiakorra.

Helburu horiek izanik, eta adin txikiko haurrek ariketa fisikoa modu egituratu eta antolatuan egin dezaten sustatzeko eta garatzeko zereginean bide berri bat irekitzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) toki erakundeek eskainitako eta antolatutako kirol anitzeko programak sustatu nahi ditu.

Nafarroako Foru Komunitatean, toki erakundeak dira gehien eta ongien lantzen eta bultzatzen dutenak kirolaren eta ariketa fisikoaren garapena eta sustapena herritarren sektore guztietan, bi arrazoirengatik funtsean: herritarrengandik hurbil daudelako eta kasuan kasuko inguruko kirolaren, gizartearen eta kulturaren errealitatea ezagutzen dutelako.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuak foru agindu honen bidez aurten ere toki erakundeen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu duten ariketa fisiko-ludikoa zein jostetakoa sustatzea eta handitzea, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat kirol anitzeko programak antolatuz eta garatuz.

Programa horiek 2023ko irailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatuko dira.

Deialdi honek, 2023-2024 denboraldia hartzen baitu, urte anitzeko gasturako espediente bat osatzen du, 2024ko ekitaldia ukitzen duelako. Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak deialdiari dagokion urte anitzeko gastua baliozkotu du.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2023-2024 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

Ikus taula osoa

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4609-336100: toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak

2024

40.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Dokumentazio hori guztia eta gainerako eranskinak erakunde interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko uztailaren 13an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA–OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko, 2023-2024 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira zati batean ordaintzeko 2023ko irailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitartean eskainitako eta gauzatutako kirol anitzeko programak antolatzeak, kontrolatzeak eta garatzeak sortutako defizitak.

2. Helburua.

2.1. Programa hauen helburua da 6 eta 8 urte bitarteko umeek ariketa fisikoa modu antolatuan egin dezaten sustatzea, betiere ume-umetatik kirolean espezializatu gabe eta adin horietan ariketa fisikoa egiteko egokiagoak diren ereduak bultzatuz.

Horrenbestez, jarduerek modu integralean landuko dute garapen pertsonala, soziala eta motorra, osasunarentzat eta ongizatearentzat onuragarria den aldetik, eta kontuan hartuta, betiere, lehia ez dela inoiz helburu izanen.

Horrez gain, balioetan oinarritutako hezkuntza ere sustatuko da antolatutako jarduera fisiko guztietan, eta, besteak beste, garrantzi berezia izanen dute joko garbiak, adiskidetasunak, hobera egin nahiak, inklusioak, integrazioak eta abarrek. Izan ere, balio horiek txiki-txikitatik transmititu eta erakutsiz gero, eguneroko bizitzara estrapolatu daitezke. Alderdi hau "Kirolaren balioak" izeneko ekintza planaren berariazko helburu batean dago jasota.

2.2. Aurkezten den programan bermatu beharko da jardueren eskaintza hezkidetzaren parametroei jarraituz diseinatu eta antolatu dela; hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzak, ohiko kirol edo jarduera fisiko femeninoen eta maskulinoen arteko estereotipoak hautsi ahal izateko.

Aurkezten diren programek, aurreko puntuan zehaztutako helburuak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte.

3. Erakunde onuradunak.

3.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratutako toki erakundeek jasotzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, baldin eta 6 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako kirol anitzeko programak sustatzen badituzte eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira NKIren beste deialdi zehatzago batzuen xede diren edo haietan jasota dauden kirol anitzeko programak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4. Entitate onuradunen betebeharrak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat kirol anitzeko programak gauzatzen dituzten toki erakundeek.

4.2. Deialdi honen barnean sartzen dira kapital osoa udalarena duen merkataritzako sozietate baten bidez kirol jarduerak antolatzen dituzten toki erakundeak.

4.3. Erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diruz lagundutako programak aurrera eramateko eginkizunen bat duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik. (III. eranskina).

–Inola ere ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten erakundeak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osoa edo partziala. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten erakundeak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean. (III. eranskina).

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea. (III. eranskina).

–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako ezein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren ezein deliturengatik. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion toki erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena ziurtagiri hori badutela eskola-umeei zuzendutako kirol anitzeko programez arduratzen diren eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek. (III. eranskina).

Diruz lagundutako programan parte hartzen duen erakundeak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

5. Deialdiaren zenbatekoa.

5.1. Deialdi honetara, guztira, 40.000 euro bideratuko dira, honako aurrekontu-partida honen kontura: A50002-A5100-4609-336100 partida, "Toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izenekoa, edo 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2023ko irailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitartean gauzatzen diren kirol anitzeko programetarako gaitzen den partida ekonomikoaren kontura.

5.2. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

6. Gastu diruz lagungarriak.

a) Programa garatzeaz arduratzen diren kirol teknikarien edo monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren zerbitzu-kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsikorra erostea.

d) Programako jarduerak egiteari dagozkion gastuak. (gastuak zehaztu, hala aurrekontuan, nola justifikazioan. Bestela, ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko).

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Parte-hartzaileen joan-etorriak.

g) Osasun laguntza: anbulantzia gastuak eta osasun zerbitzu teknikoenak.

h) Programa aurrera eramateko behar diren beste gastu batzuk. (gastuak zehaztu, hala aurrekontuan, nola justifikazioan. Bestela, ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko).

7. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 22an bukatuko.

7.2. Dirulaguntza-eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

7.3. Dirulaguntza-eskaerak eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

7.4. Eranskin guztiak eskuragarri egonen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan eta http://www.deporte.navarra.es webgunean.

8. Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Eskabide-orria (III. eranskina).

2. Kirol anitzeko programa: (IV. eranskina):

–1. fitxa. Jarduerak eta hedapena.

–2. fitxa. Aurrekontua.

Programa hedatzeari dagokionez, euskararen presentzia bermatuko da komunikazio guztietan (paper-gauzak, inskripzio-orriak, kartelak, hedabideak, megafonia eta publizitate-logoak), oinarri hartuta Nafarroako administrazio publikoetan Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudia eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretua (ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatuak), pertsona guztien hizkuntza-eskubideak eta hizkuntza inklusiboaren erabilera bermatzeko, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean oinarrituta.

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena toki erakundeak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, edo, bestela, NKIri dagokion baimena ematea kontsulta hori egiteko.

4. Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena toki erakundeak egunean dituela bere zerga betebeharrak, edo, bestela, NKIri baimena ematea kontsulta hori egiteko.

9. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

11. Balorazio irizpideak.

Jarraian zehazten dira balorazio irizpideak, zein bere haztapenarekin, zeinen bidez lehentasun-hurrenkera bat ezarriko baita, honako atal hauetan oinarrituta: (gehienez ere 42 puntu).

A) Programaren garapenaren kalitatea:

A.1. Edukien aniztasuna: gehienez 10 puntu.

1 puntu/garatutako edukia.

A.2 Jardueren aniztasuna: gehienez 20 puntu.

1 puntu/jarduera.

A.3. Programarekin izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena. 3 puntu gehienez.

Honako hauei zuzendutako ebaluazio- eta erregistro-ereduak erantsi:

Parte-hartzaileak: 1 puntu /Familiak: 1 puntu /Monitoreak: 1 puntu.

A.4. Ekitatearen ikuspegia edo lehenetsitako beste ikuspegi batzuk txertatzea (desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak). 4 puntu gehienez.

Desgaitasuna duten pertsonak kontuan hartzen baditu: 2 puntu.

Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak kontuan hartzen baditu: 2 puntu.

B) Hedapen lanaren kalitatea: 3 puntu arte.

Komunikazio-ekintzak egiteko moduen eta espazioen deskribapena: liburuxkak, iragarki-taulak, sare sozialak, toki erakundearen webguneko argitalpenak, etab.

Erantsi liburuxken fotokopiak eta toki erakundearen webgunean eta sare sozialetan argitaratu denaren pantaila-argazkiak.

(1 puntu: baldin eta kirol anitzeko programa toki erakundearen webgunean argitaratuta badago. 0,5 puntu: beste hedapen-ekintza batzuk).

C) Genero ikuspegia: 2 puntu gehienez.

Proiektua idaztean, hizkeraren erabilerari dagokionez, genero ikuspegia kontuan hartzea baloratuko da.

(2 puntu baldin eta testu osoan genero ikuspegia erabiltzen bada, 1 puntu batzuetan erabiltzen bada, eta 0 puntu erabiltzen ez bada).

Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 21 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei. Azken postuan berdinketa izanez gero, A) atalean (Proiektuaren garapenaren kalitatea) puntuazio handiena lortu duen eskaerari emanen zaio laguntza.

12. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

12.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko 11. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera.

12.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 6.000 euro bitarte bideratzen ahalko du programa bakoitza finantzatzeko, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

12.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, 11. oinarrian agertzen den baremoa aplikatu ondoren eskaerak guztira lortutako puntuazioa biderkatuko da puntu bati ematen zaion balioarekin. Puntu baten balioa zein den jakiteko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztiek lortzen dituzten guztirako puntuazioen batura.

13. Ebazpenak.

13.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki erakunde onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

13.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.

13.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan argitaratuko dira.

13.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

13.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

14. Frogagiriak.

Frogagiriak programa bukatutakoan aurkeztuko dira, hots, 2024ko ekainaren 14ra arte, programa hasten denetik 2024ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuengatik, edo programa bukatzen den egunera arte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bakoitza bere izenarekin behar bezala identifikatutako agiri bereizietan:

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Programaren memoria (V. eranskina).

2. Talde bakoitzaren fitxa (VI. eranskina. 1. fitxa).

3. Ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda (VI. eranskina. 2. fitxa).

4. Emaitzen kontua: idazkariaren ziurtagiria, lehendakariak edo alkateak ontzat emana, egiaztatzen duena gastu horiek egin eta ordaindu direla eta zehazten duena diruz lagundutako programari dagozkion diru-sarreren eta gastuen zerrenda (VI. eranskina. 3. fitxa).

Toki erakundearen langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki erakundeak frogatu beharko du PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Nafarroako Zerga Ogasunean.

5. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VII. eranskina).

6. Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia (VIII. eranskina).

7. Erantzukizunpeko adierazpena, 17.10 oinarrian adierazitako edukia duena.

Justifikaziorako aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

15. Dirulaguntzaren ordainketa.

15.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta toki erakundeak behin aurkeztu dituela 14. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, ordaintzeko ebazpena argitaratu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

15.2. Hala ere, programa 2023ko irailaren 1ean hasi eta 2024ko maiatzaren 31n bukatzea programatu duten toki erakundeek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute, eta ordainketa horretan esleitutako zenbatekoaren %50 ordainduko da gehienez. Konturako ordainketa hori egiteko, kontuan hartuko da diruz lagundutako jardueratik jadanik gauzatu den zatiari dagozkion gastu arrunten eta langileria gastuen zerrenda.

15.3. Konturako ordainketa hori ordaindu ahal izateko, toki erakundeak ordainketa horretarako eskabide bat aurkeztu beharko du erregistroan, 2024ko otsailaren 1etik 5era bitartean, betiere programa etenik gabe gauzatu baldin bada 2023ko irailaren 1etik 2024ko urtarrilaren 21era arte.

15.4. Konturako ordainketaren eskaerarekin batera, programaren memoria aurkeztuko du, eta bertan adieraziko ditu aldi horretan egindako jarduerak, epeak eta parte-hartzaileen kopurua, sexuaren arabera banatuta.

Gainera, gastuen zerrenda bat erantsiko da, dagozkion fakturak erantsita. (VI. eranskina. 2. eta 3. fitxak).

15.5. Ezin izanen dute konturako ordainketa jaso 15.2, 15.3, 15.4, 17. eta 18. ataletan ezarritakoa betetzen ez duten erakundeek.

15.6. Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko baita aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NKIk ordaindu beharreko zenbatekoa edo erakundeak itzuli beharrekoa, toki erakunde bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

15.7. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio NKIk toki erakunde bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.

16. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

17. Betebeharrak.

17.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta haien aplikazioa agiri bidez frogatuko dute; gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztuko dituzte.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

17.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

17.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Alderdi horiek VIII. eranskinaren bidez justifikatuko dira. Eranskin hori frogagiriekin batera aurkeztuko da, 14. oinarrian jasota dagoen bezala.

17.5. Pandemia-egoerara itzuliz gero, osasun arloko agintariekin bat etorriz, erakunde onuradunak kirol jarduera segurua babesteko beharrezko neurriak eta protokoloak hartuko ditu.

17.6. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

17.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.8. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

17.9. Programaren garapenari loturiko eginkizunen batean edo bestean aritzen diren langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

Lege organiko horren 57. artikuluak dio adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen dela epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Diruz laguntzen diren programetan parte hartzen duten toki erakundeek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.

17.10. Toki erakunde onuradunek zaindu beharko dute betetzen dela Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoa, eta kirol ingurune seguruak bermatu beharko dituzte. Hala, toki erakunde onuradunek, administrazio publiko diren aldetik, betebehar hauek izanen dituzte:

–Nork bere eskumenen esparruan, jarduketa-protokolo bat onartzea eta aplikatzea. Protokolo horretan, kirolaren eta aisialdiaren arloan ingurune segurua eraikitzeko jarduketak jasoko dira, zeinak jarraituko baitira kirolaren eta aisialdiaren arloan haurren eta nerabeen aurkako balizko indarkeria-egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horietan esku hartzeko. Protokolo horrek errespetatu beharko du Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren eta aisialdiaren esparruan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 84/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zena.

–Babes ordezkaria izendatzea.

Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, 14. oinarrian zerrendatutako frogagiriekin batera. Adierazpen horretan, goian aipatutako jarduketa-protokoloaren onarpena jasoko da, bai eta erakundeak babes ordezkari gisa hautatutako pertsonaren izena ere.

Nafarroako Kirolaren Institutuak prestakuntza espezifikoa emanen die erakunde onuradun guztiei indarkeriaren prebentzioari buruz, Lege Organikoak jasotzen dituen betebeharrak betetzeko orientabide batzuk izan ditzaten.

18. Azpikontratazioa.

18.1. Toki erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 azpikontratatzen ahalko dute.

18.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

18.3. Kontratistek toki erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.

Toki erakunde onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntza-eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20. Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

20.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

21. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen IX. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

22. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki erakundeek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Deialdi honen aplikazio-egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki erakundeek, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, egintza horiek jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

23. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA.–KIROL ANITZEKO PROGRAMAREN EZAUGARRIAK

1.–Programaren helburu orokorrak.

–Ahalmen fisikoak garatzea oinarrizko abilezia motorren bidez, betiere txiki-txikitatik espezializazioa lortzeko asmorik gabe eta umearen garapen integrala lortze aldera.

–Balio eta abilezia sozialak eskuratzea, zeinetan errespetua, joko garbia, inklusioa, adiskidetasuna, hobera egin nahia eta berdintasuna oso garrantzitsuak izanen baitira eta aintzat hartuko baitira modu batera edo bestera.

–Jarduera fisikoarekin lotutako ohitura osasungarriak barneratzea, eta ariketa fisikoa jolasarekin eta esperientzia atseginekin lotzea, hartara bizitza guztian zehar aktibo egoteko jarrerak hartuko baitituzte.

–6 eta 8 urte bitarteko eskola-umeek ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.

–Kirola egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboetako 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat programan parte hartzea eskuragarriagoa eta errazagoa izan dadin lortzea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).

–Udaleko kirol instalazioak eta baliabideak erabiltzea oinarrizko ariketa fisikoa sustatzeko nukleo gisa, hartara kiroldegiaren eta auzoaren arteko lotura soziala sortuko baita, eta horrek asoziazionismo nukleo bat sortzea ekar lezake.

2.–Berariazko helburuak.

–Trebetasun pertzeptibo-motorrak eta oinarrizko trebetasun motorrak aplikatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren askotariko errekerimendu errazetara egokituz, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatuz eta kontrolatuz, eta tentsio eta erlaxazio egoerak desberdinduz, baita oreka eta desoreka egoerak ere.

–Gaitasun motorra eskuratzea. Horretarako, ezinbestekoa da planteatzen diren egoeretan parte hartzen dutenen trebetasun motorrak, emozioak, sentimenduak eta jarrerak behar bezala erabiltzea.

–Oinarrizko gaitasun motorrak garatzea.

–Trebetasun sozial eta komunikatiboak eskuratzea, bai eta errespetuzko, joko garbiko, adiskidetasunezko, hobera egitearen aldeko eta berdintasunaren aldeko jarrerak ere, talde rolak hartuz.

–Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, erritmo egitura sinpleak, keinuak dituzten kantuak, dramatizazioak eta jolas sinbolikoak erabiliz.

–Laguntzeko, enpatizatzeko eta lankidetzan aritzeko jarrerak eta ohiturak hartzea, baita autonomia pertsonalari eta erantzukizunari lotutakoak ere.

–Higiene ohiturak finkatzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko.

–Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta.

3.–Edukiak.

Esperimentazioa eta norberaren motrizitate aukerak garatzen dituzten eduki hauek jaso beharko dira, planteatutako jarduera fisiko eta kirol jarduera gehienetan lantzen diren abileziak baliatuz, hala nola batetik bestera mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, baloia edo pilota jotzea, etab.

–Oinarrizko trebetasun motorrak garatzeko jolasak.

–Jolas tradizionalak.

–Kirol aurreko jolasak.

–Jolas kooperatiboak.

–Abilezia jolasak.

–Jolas alternatiboak.

–Erritmo eta gorputz adierazpeneko jarduerak.

Ez dira onartuko kirol modalitateen programa espezifikoak, hala nola kirol eskolak edo antzekoak.

4.–Programaren iraupena eta datak.

4.1. Programa 2023ko irailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko da.

4.2. Programaren iraupena 7 hilabetekoa izanen da gutxienez.

4.3. Talde bakoitzak astean gutxienez 2 saio izanen ditu, gutxienez 50 minutukoak.

5.–Taldeen ezaugarriak eta parte-hartzaileen adina.

5.1. Talde bakoitzean, 6 neska-mutil izanen dira gutxienez.

5.2. Parte hartzeko adina 6 eta 8 urte artekoa da.

5.3. Toki erakunde batek 5.1 eta/edo 5.2 apartatuan adierazitakoa bete ezin duen talderen bat aurkezten badu, txosten bat erantsi beharko dio eskabideari, arrazoiak azaltzeko.

Balorazio Batzordeak arrazoi horiek aztertuko ditu, eta erabakiko du ea ados dagoen programan sartzeko ala ez.

6.–Programako jarduerak zuzentzen dituzten langileen ezaugarriak. Titulazioak.

Kirol anitzeko programako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroako kirol lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren lanbide kualifikazioak izan beharko dituzte (bertan sartzen dira Gorputz Hezkuntzako irakaslearen, entrenatzailearen, kirol monitorearen eta langile boluntarioen lanbideak).

Egin beharreko lanaren arabera beharrezkoa den kualifikazioa izan beharko dute, eta dagokion titulazioa aurkeztu beharko dute, eskaeran eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera (deialdiaren IV. eranskina).

Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena. Kualifikazio hori hasierako dokumentazioan ere egiaztatuko da.

Aipatu langileek ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin, zein den ere programan betetzen duten eginkizuna.

7.–Kirol anitzeko topaketak.

7.1. Topaketek helburutzat izanen dute parte-hartzaileen arteko bizikidetza sustatzea eta denek ongi pasatzea dena delako jarduera eginez.

7.2. 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat kirol anitzeko programa bat daukaten toki erakundeen arteko topaketak antolatzen ahalko dira.

8.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

8.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

8.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere.

9.–Baimenak.

Deialdi honetako erakunde onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

10.–Osasun laguntza.

Toki erakunde onuradunek istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute parte-hartzaile guztientzat.

Ikusi hemen deialdi osoa

 

Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2023-2024 aldian, kirol anitzeko programak susta ditzaten 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat