4/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 17koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen arloko Ikuskapen Plana onesten duena 2025. urterako.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Era berean, foru lege horren xedea gizarte zerbitzuen sistema bat itxuratzea da, halako moduan non bermatuko baita zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematen direla.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua 3. eta 4. artikuluetan zehaztuta dago. Izan ere, artikulu horietan ezartzen da zer den gizarte zerbitzuen sistema eta zeintzuk diren gizarte zerbitzu horien hartzaileak. Era berean, 6., 7. eta 8. artikuluek gizarte zerbitzu horien hartzaileen eskubideak eta betebeharrak ezartzen dituzte, eta azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, horiek aldatu eta areagotu ditu. Halaber, maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, pertsona horien eskubideak zehaztu eta osatzen ditu, 15/2006 Foru Legean oro har ezarrita daudenak.
Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 70. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortzea eta haiei eustea. Baimen horien xedea da baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea.
Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio eremuan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende. Ildo bereko xedapenak ematen dira maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 33.2 f) artikuluan, haren aplikazio eremuari dagokionez.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak Idazkaritza Tekniko Nagusiari esleitzen dio Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen den jakiteko kontrola eta ikuskapena egiteko ardura, hau da, gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuek eta zerbitzu horien hartzaileek lege horretan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzekoa. Ikuskapen Atalak ikuskapen planak prestatuko ditu gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuetarako, eta ikuskapen lana kontrolatu eta koordinatuko du. Azkenik, Ikuskapen Atalak foru dekretu horretan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu gizarte gaien, familiaren eta adingabeen babesaren esparruan, bereziki, honako hauek:
a) Departamentuko gainerako unitate organikoekin lankidetzan, kontrolatzea eta ikuskatzea betetzen den gizarte zerbitzuen araudian eta itunetan ezarritakoa, bai gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzu-emaileen partetik, bai zerbitzu horien hartzaileei ematen zaien arretan.
b) Departamentuaren unitate organiko kudeatzaileekin lankidetzan, kontrolatzea eta ikuskatzea departamentuak ematen dituen gizarte zerbitzuen sistema publikoari dagozkion laguntzak eta prestazio ekonomikoak.
c) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.
Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuen ikuskapena kontrol eskumen gisa hartu behar dela, ez bakarrik kontrolatzeko zentro eta zerbitzuek nola betetzen duten baliabideen eta eginkizunen arloan indarra duen araudia eta zenbateraino betetzen diren zerbitzu-emaileek sinatutako kontratuetako klausulak eta agiri arauemaileak, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak zaindu eta errespetatzen ote diren ere kontrolatu behar baita.
Gainera, zaindu behar du pertsonek jasotzen dutela beren beharretarako laguntza egokia, hots, arreta osoa, espezializatua eta pertsonalizatua.
Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketa-lerro nagusien oinarriak.
2025. urterako Ikuskapen Planak jarraipena emanen die 2023an eta 2024n abiatutako neurri batzuei. Neurri horiek onetsi ziren apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren ondorioz abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua aldatu zelako; izan ere, 38/2023 Foru Dekretuan adingabeentzako arretaren arloa sartu eta arautu zen, eta araudia egokitu zen Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Akordiora, Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemako (MAAS) zentro eta zerbitzuetako egiaztapen eta kalitate irizpide komunei dagokienez.
Araudi berriak gehitutako eskakizunetako asko nahitaez bete beharko dira 2025ean, ezarritako trantsizio aldia bukatu ondoren, eta beste batzuek progresiboki betetzen joateko epe luzeagoa dute (2029ra arte).
PAGNAk eta zerbitzu-emaileek sinatutako araudi erregulatzaileak eta itunak edo kontratuak betetzen ote diren kontrolatzeko ikuskapen lana egiten jarraituko da, egiaztatzeko entitate horiek, Nafarroako Gobernuak finantzaturik, ematen dituzten zerbitzuak egiten direla administrazio kontratatzaileak ezarritako baldintzei jarraikiz eta hark eskatutako kalitatearekin, horri buruz emandako instrukzio edo araudietan sartutako malgutasunekin.
Aurreko urteetan bezala, egiaztatuko da Nafarroako Foru Komunitatean betetzen diren egoitzetako, mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroetako, eguneko egonaldietako eta Autonomia Sustatzeko Zerbitzuetako (Open House) plazak kudeatzeko sisteman ezarritako agiri arautzaileak eta klausula tekniko eta administratiboak, bai eta sinatutako gainerako kontratu eta itunetakoak ere betetzen diren.
Zehazki, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren III. eranskinean aurreikusitako hiru dimentsioen betetze maila berrikusiko da, honako hauei dagokienez: zerbitzuaren kudeaketa (kexa- eta iradokizun-sistemak, gogobetetze-inkestak, PZAren ezarpenaren ebaluazioa), langileen kudeaketa (PZAri buruzko prestakuntza-planak) eta, lehentasunez eta bereziki, erabiltzaileekiko harremanaren kudeaketa (bizitzako historiak, balorazio integrala, pertsonarengan zentratutako banakako arreta plana –PZBAP–, erreferentziazko langileak egotea).
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuarekin plaza publikoak kudeatzeko kontratuak edo itunak sinatu dituzten zentro eta zerbitzuen kasuan, aipatutako tresna horien klausula teknikoak betetzen dituzten ere egiaztatuko da.
Halaber, egiaztatuko da sinatutako kontratuetan edo itunetan ezarrita dauden langileen arloko betebeharrak eta ratio orokor lotesleak betetzen diren, eta, kontraturik edo itunik izan ezean, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuan eskatutakoak betetzen diren (apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren ondoriozko aldaketak barne harturik, foru dekretu horretan baitaude Gizarte Zerbitzuen eta MAASaren Lurralde Kontseiluaren Akordioan ezarritako konpromisoak, zentro eta zerbitzuetako egiaztapen eta kalitate irizpide komunei dagokienez).
Beraz, langileak eta arestian aipatutako araudian aurreikusitako alderdi funtzionalak eta egiturazkoak kontrolatuko dira, bizitzako historiak eta pertsonarengan zentratutako arreta eredua ezartzeari dagokionez, lanerako eta erabiltzaileari arreta pertsonalizatua emateko metodo gisa. Era berean, benetako bizikidetza unitateak (erabiltzaile eta langile talde txikientzako bizitokiak) ezarri diren egiaztatuko da, arreta pertsonalizatuagoa eta etxekoagoa izan dezaten, bai eta banakako gelen kopurua handitu den ere, beren egokitzapen planen arabera. Hori guztia, arauan ezarritako egokitzapen epeak errespetatuz.
2025. urtean, arreta berezia jarriko da Loturen gaian; izan ere, aurtengo uztailaren 1etik aurrera, zentroek eta zerbitzuek loturak kentzeko prestatu dituzten planek osorik eta eraginkortasunez ezarrita egon beharko dute, eta, beraz, ez da egonen lotura fisiko ez kimikorik, eta salbuespeneko kasuetan soilik agintzen ahalko dira (92/2020 Foru Dekretuaren 41.m artikulua, 2023an egindako aldaketaren ondoren).
Horrekin batera, beste elementu murriztaile batzuk gehiago kontrolatuko dira, hala nola barandak edo beste gailu batzuk, eta horiek ere zentro bakoitzeko loturen batzordean tratatu eta aztertu beharko dira.
Ildo beretik, batetik, Eskubide Sozialetako Departamentu eta Fiskaltzak egindako kontrol zorrotzaren eta, bestetik, onetsitako arautzearen ondorioz, egiaztatu da urte hauetan nabarmen jaitsi dela lotura fisikoen erabilera adinekoentzako, desgaitasuna dutenentzako eta nahasmendu mentala dutenentzako zentroetan, eta 2025. urtean kontrolatuko da aipatutako 41. m) artikulua adingabeen arloan ere betetzen den.
Horretarako, aurten, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzak aldian behin lotura fisiko eta farmakologikoei buruzko datuak eskatuko dizkie adingabeen egoitza-zerbitzuak kudeatzen dituzten entitateei. Era berean, Ikuskapen Atalak antzeko datuak jasoko ditu adingabeentzako zentro eta zerbitzuetan egiten diren ikuskapenetan, eta horien aplikazioa egiaztatu eta ebaluatuko da.
2025. urtean, ikuskapen arruntak eginen dira eguneko arretako eta egoitzako zenbait zerbitzutan, adinekoei, mendekotasuna dutenei, nahasmendu mentala dutenei, desgaitasuna dutenei arreta ematearen arlokoak, adingabeentzako arretaren arlokoak eta gizarte bazterketaren arlokoak. Bereziki begiratuko da zerbitzu horiek kudeatzen dituzten entitateek erabiltzaileen eskubideak errespetatzen dituzten, bereziki arreta osoa, espezifikoa eta haien premietara egokitua jasotzekoa eta zerbitzua ematearen baldintza guztiak zerbitzuan sartzeko kontratuaren bidez ezagutzekoa, eta zerbitzua ematen dela PZA, autonomia, aukeratzeko askatasun eta erabiltzaileen parte-hartzeko ereduei zuzenduta. Horretarako, funtsezkoak izanen dira erabiltzaileei, senideei eta langileei eginen zaizkien gogobetetze-inkestak, eta horien emaitzak ikusirik zentroek hartuko dituzten neurriak.
Zehazki, Ikuskapen Atalak 2024ko Ikuskapen Plana gauzatzean egindako eskaerak eta/edo ohartarazpenak bete diren aztertuko da, bai eta zerbitzu horiek jasotako salaketak aztertzean egindako eskaerak eta/edo ohartarazpenak ere. Halaber, aplikatzekoak zaizkien beste arau batzuk partez/progresiboki edo osorik betetzen diren egiaztatuko da, esaterako segurtasun zibileko aseguruak, pertsonarengan zentratutako banakako arreta planak (PZBAP) eta bizitzako historien, berdintasun planen eta bestelako protokolo eta erregistroen ezarpenak betetzen diren. Horiek betetzea eskatuko zaie, bakoitzean ezarritako epeetan, bai PAGNArekin kontratua sinatu dutenei, bai gizarte zerbitzuetako sistemaren parte diren guztiei, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua eta haren azken aldaketa (apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren bidezkoa) aplikatuko baitzaizkie. Ikuskatutako zerbitzuetako langileen antolakuntza, eginkizunak, lan-planak eta banaketa ere aztertuko dira, erabiltzaileei zerbitzua modu egokian emateko. Bereziki, Open House kontratazio sistemaren bidez loturiko zentroetan, egiaztatuko da zentroetako langile guztiek fitxatu egiten duten eta adostutako eta sinatutako ratioak betetzen diren.
Bestalde, gizarte inklusioaren arloko zentro eta zerbitzuetan kontrolatuko da 92/2020 Foru Dekretuan aurreikusitako eskakizunetara egokitzen diren; izan ere, trantsizio aldia amaituta, 2025eko martxotik aurrera nahitaez bete beharrekoak dira eskakizun horiek.
Aurreko urteetan egin den bezala, 2025. urtean, zentro edo zerbitzuen benetako okupazioa kontrolatuko da, bai eta erabiltzaileen mendekotasunaren balorazioa ere, baieztatu ahal izateko zerbitzua baimenduta dagoela eskaintzen diren prestazioak eskaintzeko, eta erabiltzaileek jasotzen dutela behar duten arreta, beren egoera eta beharrak kontuan hartuta.
Laguntzak kontrolatzeko lerroari dagokionez, errenta bermatuen ikuskapenak mantentzen dira, eta ikuskapenak eginen dira, jadanik ebatzita egonda ere, baldintzak betetzeari buruz zalantza edo zantzuren bat egoteagatik, Diru-sarreren Bermearen Atalak bidalitako espedienteen gainean. Kontrol hori egiteko, Foruzaingoaren laguntza eskatzen ahalko da, aurretik ezarritako prozeduraren arabera. Bizitzeko gutxieneko errentari buruzko espedienteak ere bideratzen ahalko dira, baldin eta betetzeari buruzko zalantzarik badago eta errenta bermatua jasotzen ez badute.