138/2024 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzen deialdia, 2024. urterako, Iruñeko espetxeko presoekin eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuetarako. DDBN identifikazioa: 749815.
Kontuan hartuta 254/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, Justizia Zuzendaritza Nagusiak honako eskumen hauek ditu:
"Espetxe-arloko Estatuaren legeria betearaztea, biktimentzako erreparazioa, gizarteratzea eta delituen prebentzioa ahalbidetuko duen zigor betearazpena sustatuz eta garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenen esparruan" (68.g artikulua).
Foru Dekretu horrek berak Gizarteratzeko, Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuari esleitzen dio, orobat, "zigorturiko eta espetxetik ateratako pertsonak gizarteratzeko programak bultzatzea" (82.g artikulua).
Horrekin bat etorriz, Zerbitzu honek proposamen txostena eman zuen presoekin eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko proiektuetarako dirulaguntzen 2024ko deialdirako.
Txosten horrek adierazten du xede horietarako bideratutako zenbatekoa 250.456,00 eurokoa izanen dela, 2024ko gastu aurrekontuko partida hauen kontura:
–F20001 F2400 4819 112104 (%0,7ko funtsa). Gizarte entitateentzako dirulaguntzak-hezkuntza- eta gizarte- esku hartzeak preso eta preso ohiekin (210.456,00 euro).
–F20001 F2400 4819 112112 (E) Gizarte entitateentzako dirulaguntzak presoekin eta/edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak garatzeko (40.000,00 euro).
Aurreko urtekoen aldean partidak izandako hazkunde hori lotuta dago Nafarroako espetxeetan dauden pertsonen hazkundearekin, %37,35 gehiago izan baitira 2021etik, eta, gainera, aldi berean izandako inflazioaren %18,46ko hazkundearekin.
Hori guztia kontuan hartuta, %40 handituko da preso edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketen proiektuetako (A modalitatea) gehieneko muga. B modalitateari dagokionez (prestakuntza, kirol, arte eta kultura arloko jarduketak), 10.000 euroko zenbatekoari eutsiko zaio, ekintza soilagoak baitira.
Deialdia kolektibo jakin bat –alegia, preso eta preso ohiak– gizarteratzeko denez, kontuan hartu behar da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, zeinak xedatzen baitu botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.
Bestalde, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduerak eta jardueren hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.
Deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako partida baten bidez zati batean finantzatuta dagoenez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak onetsi behar du deialdia, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat; hori horrela, onetsi egin du 2024ko martxoaren 15eko bilkuran, eta egokitzat eman du, aho batez, funts hori idazpuruan aipatutako deialdian erabiltzea.
Kontuan hartu behar dugu, orobat, 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa, zeinak ezartzen baititu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa printzipio gidari batzuk Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela. Bete egin da.
Arau horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean bildutako aurreikuspenekin bateragarri izan behar dute. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.
Horregatik, oinarri arautzaileak ebazpen baten bidez ezarri behar dira, proposamen honen eranskinetan jasotzen denaren arabera. Oinarri arautzaile horiek irabazi-asmorik gabeko erakundeek presoekin eta/edo preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak garatzeko dirulaguntza ematea arautuko dute.
Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdia, oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak onestea, irabazi-asmorik gabeko entitateek preso eta preso ohiekin gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko jarduketak egiteko; oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.
2. 250.456 euroko kreditua baimentzea, 2024ko aurrekontuko partida honen kargura:
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)