Irabazi asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak, langabeen aldeko interes sozialeko programa komunitarioetarako

2025ko martxoaren 31, astelehena

Deialdiak herritarren parte-hartze solidarioa sustatzen du, boluntariotzako formulen bidez. Gainera, boluntarioak izatea eta esleitutako funtzioak aztertzea proiektuaren kalitate teknikoaren balorazioaren parte da.

82/2025 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdi bat jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuak sustatzeko 2025. urtean.DDBN identifikazioa: 815569.

 

Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko martxoaren 9ko 4/2023 Foru Legeak, 47. artikuluan, honako hau xedatzen du:

"Justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak jardunbide errestauratibo komunitarioak eskainiko dituen sare bat sortzea sustatuko du, horretarako ezarritako dirulaguntzen deialdi baten bidez, bai eta gizarte-ekimeneko entitateekin lankidetzan aritzeko beste tresna batzuen bidez ere".

Horri dagokionez, hauxe dio hirugarren xedapen gehigarriak:

"Foru-lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, gehienez ere, justiziaren arloko eskumenak dituen departamentuak dirulaguntzak emateko deialdi baten oinarriak onetsiko ditu, horren bidez gizarte-kohesiorako jardunbide errestauratiboak sustatzeko".

Horrenbestez, bidezkoa da zentzu horretako proiektuak sustatzeko dirulaguntza deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea.

Jardunbide horiek, aipatu foru legearen 44. artikuluko definizioaren arabera, judizializatu gabeko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko tresnak dira, bai eta gizarte-kohesioa sustatzekoak ere, helburu dutenak konfiantzazko, errespetuzko eta zaintzako baldintza kolektiboak sortzea, sor daitezkeen gatazkak komunitateak berak kudea ditzan hasierako faseetan eta modu espontaneoan.

Aplikazio eremuari dagokionez, kontuan hartu behar da jardunbide errestauratibo komunitarioak prozedura judizialetik kanpo gauzatzen direla eta ez dutela ondorio juridiko loteslerik izateko asmorik. Jardunbide errestauratiboak edozein esparru sozialetan egiten ahalko dira, horren barne direla familia, auzoa, eskola, osasuna, kontsumoa, antolakundeak eta espetxe arlokoa, besteak beste.

Haien funtzionamenduak printzipio hauek bete behar ditu, 46. artikuluaren arabera:

a) Herritarren parte-hartzea: herritarren parte-hartze solidarioa sustatuko da boluntariotzaren formulen bidez, bideratzaile profesionalen parte-hartzea baztertu gabe.

b) Gatazka sozialak prebenitzea eta konpontzea: prozesuen helburua izanen da gatazka sozial zabal eta generikoak prebenitzea eta konpontzea, baita ikuspegi desberdinak eztabaidatzea ere premia sozialei aurre egiteko modu onenari buruz.

c) Gizarte-kohesioa handitzea: prozesuen helburua izanen da erantzukizun partekatuaren ideia eta komunitate zibikoko kide izatearena indartzea, aniztasunari eta kulturartekotasunari ikuspegi positibotik begiratuta.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa printzipio gidari batzuk ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenekin bateragarri izan behar dute arau horiek. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte eta justizia arloko politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Dirulaguntza deialdi honi lotutako gastua 80.000 eurokoa da, eta "Jardunbide errestauratibo komunitarioen proiektuetarako dirulaguntza" izeneko F20001 F2400 4819 112105 partidaren kargura finantzatuko da.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Irabazi asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak, langabeen aldeko interes sozialeko programa komunitarioetarako