Ingurumen-hezkuntzako, ingurumen-boluntariotzako eta herritarren zientziako proiektuetarako laguntza

2025ko otsailaren 21, ostirala

Datorren martxoaren 12an, 09:30etan, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko ekitaldi aretoan jardunaldia egingo da deialdiari buruzko zalantza guztiak argitzeko.  Bilera modu birtualean jarraitu ahal izango da, izena emateko formulario honetan (https://forms.gle/9MygM42gyfqHored7 )  izena ematen duten pertsonei emango zaien web estekaren bidez

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan educacion.ambiental@navarra.es  helbide elektronikoaren bidez.

1286E/2024 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "Ingurumen hezkuntzako, ingurumen boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako 2025eko laguntza" izeneko dirulaguntza deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 803252.

Ingurumen hezkuntza eta ingurumen boluntariotza norbanakoen eta taldeen erantzukidetasuna garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta jokabideen aldaketa soziala sustatzen dute jasangarritasuna lortzeko bidean aurrera egiteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian parte-hartze aktiboa dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

2023ko maiatzaren 24an onetsitako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Estrategiaren agirian (ENEAS 2030), Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren (JIH) definizioa jasotzen da; bertan biltzen dira klima eta ingurumen larrialdiari aurre egiteko eta egungo gizarte eta ingurumen erronka konplexuei aurre egiteko ikaskuntzak, gogoetak, jarrerak eta gaitasunak garatzera bideratutako hezkuntza-, komunikazio- eta partaidetza-ekintza eta -prozesu guztiak, aukera ematen digutenak trantsizio ekologiko justua lortzeko bidean aurrera egiteko, genero-ikuspegia kontuan hartuta.

Nafarroako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak ezartzen du Nafarroako Gobernuaren politikak, programak eta jarduketak ebaluatu behar direla urtero, Garapen Jasangarriaren 2030 Agendak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Laguntzen deialdi honek Garapen Jasangarriko Helburu batzuen (GJH) xedeak lortzen lagundu nahi du:

–12.8 xedea. Jasangarritasunaren kultura sustatzea gizarte sentsibilizaziorako ekintzen bitartez (12. GJHa);

–13.3 xedea. Ingurumen heziketa eta gizarte sentsibilizazioa hobetzea klima-aldaketaren aurrean (13. GJHa);

–15.5 xedea. Habitat naturalen degradazioa murriztea eta dibertsitate biologikoaren galera etetea (15. GJHa).

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren bidez, laguntza hauekin Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzako (JIH) proiektuak eta ekimenak, Nafarroako gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeek sustatuak, babestearen aldeko apustua egiten du, horrela, Nafarroako herritarrek ingurumenari buruzko sentsibilizazio eta ezagutza handiagoa izan dezaten, bai eta balioak eta trebetasunak ere eskura ditzaten, ingurumen arazoen konponbidean parte hartzeko gai izan daitezen, banaka zein taldeka.

Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4 bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan eta onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Ingurumen hezkuntzako, ingurumen boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako 2025eko laguntza" izeneko dirulaguntza deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 331.827,00 euroko gastu konpromisoa baimentzea, 2025eko ekitaldian horretarako gaituko den 2024ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidearen kargura: "%0,7ko Funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, lurraldearen zaintza" izeneko 740008 74800 4819 456200 partida. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

–165.913,50 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

–165.913,50 euro ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.

Dirulaguntza ematen den unean multzoetako batean ez bada bukatzen zehaztutako zenbatekoa, gastua beste proiektu motan egitea baimenduko da.

4. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)

Ingurumen-hezkuntzako, ingurumen-boluntariotzako eta herritarren zientziako proiektuetarako laguntza