Deialdi honen xedea da norgehiagoka bidez dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko elkarteei, hauek bultzatzeko proiektuak gara ditzaten: herritarren parte-hartze aktiboa; elkarte sarearen garapena, lankidetza eta sareko lana; boluntariotza; hezkuntza; lurraldeko biztanleen, taldeen eta elkarteen arteko koordinazioa, informazioa eta komunikazioa; bai eta Pirinioetako Planaren lurralde eremuko gizarte, ekonomia eta kultura arloko aurrerapena ere, horrela, hirugarren sektoreak planean adierazitako eskaerei eta beharrei erantzuna emateko.
46E/2025 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, "Dirulaguntzak, Pirinioetako lurraldea dinamizatzeko asoziazionismoa bultzatzeko" izeneko deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 819426.
Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren misioa dela despopulazioaren kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea.
Era berean, Erronka Demografikorako eta Lurraldearen Egituraketarako Zerbitzuak, aipatutako dekretuaren 26., 28. eta 29. artikuluetan adierazitakoaren arabera, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: "Pirinioetako Plana bultzatzea eta koordinatzea, Lursarea-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren eta lurraldeko eragileen laguntzaz" eta "Despopulazioak ukitutako lurralde-eremuetan dirulaguntzak kudeatzea, herritarrek aukera izan dezaten oinarrizko zerbitzu publikoak, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa eta landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeko, besteak beste".
2017ko maiatzean eratu zen "Pirinioetako Mahaia", eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.
Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta herrietakoa parekatzen dituztenak, landa eremua sustatu beharreko baliotzat hartzen duen ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.
Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.
Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren gidalerroetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, Pirinioetako eremuak presentzia espezifikoa eta nabarmena du, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, "Pirinioak eta beste landa eremu eta naturagune batzuk") bai lurraldeko kultura berri baterako estrategian (4.5.2 kapitulua, "Pirinioak").
Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorrek 65.000 euroko kreditua aurreikusten dute "Dirulaguntzak, lurraldea dinamizatzeko asoziazionismoa bultzatzeko" izeneko 210002 21400 4819 922111 gastu-partidari aplikatua.
2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza-deialdien berri eman behar diotela DDBNri.
Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sistemaren arabera, bereizi behar dira gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)