14287E/2024 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat onesten duena babes zibileko boluntarioen udal taldea duten Nafarroako udalentzat eta babes zibileko boluntarioen toki elkarteentzat, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra haien funtzionamenduan laguntzeko. Bi kasuetan, deialdian parte hartzeko baldintza da Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmena sinatua izatea. DDBN identifikazioa: 806133.
Babes zibila zerbitzu publiko bat da, eta helburua du arrisku larrietan, hondamendietan edo lazeria publikoetan pertsonak eta ondasunak babestea, pertsonen ondasunak, segurtasuna eta bizia arriskuan badaude. Zerbitzu publiko hori antolatzen, jarduten eta betetzen bateko eta besteko administrazio publikoek hartzen dute parte, baita herritarrek ere, bete beharrekoak konplituz eta borondatezko laguntza emanez.
Sistema publiko hori multzo egituratu eta koordinatua da, larrialdi egoeretan arreta eta laguntza materiala emateko orduan ahalegin publikoak eta pribatuak bateratzen dituena. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 39. eta 39 bis artikuluetan aurreikusten da sistema hori, eta, besteak beste, babes zibileko boluntarioen toki erakundeek parte hartzen dute, kontuan hartu gabe udal taldeak diren, hau da, udalek sortutako berezko nortasun juridikorik gabeko toki erakundeak edo, aldiz, nortasun juridiko berezitua duten toki elkarteak diren.
Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.
2021eko maiatzaren 28an babes zibilari buruzko lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zen Barne Zuzendaritza Nagusiaren eta Cintruenigoko, Milagroko eta Tuterako udalen artean, herri horietako babes zibileko boluntarioen udal taldeentzat. Era berean, Barne Zuzendaritza Nagusiak eta Sartagudako babes zibileko boluntarioen toki elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2021eko apirilaren 28an, elkarte hori Nafarroako babes zibilaren sistemari atxikitzeko.
Hitzarmen horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du babes zibileko boluntarioen toki erakunde horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, baldin eta Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira babes zibileko boluntarioen toki erakundeen eta haien instalazioen funtzionamendurako edo hobekuntzarako.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.
Babes zibileko boluntarioen toki erakunde horien jarduera etenik gabe garatzen da denboran zehar, gertatzen diren larrialdien eta eman behar dituzten zerbitzuen arabera; hortaz, jarduera hori ez dagokio aurrekontu-ekitaldi jakin bati. Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako udalei eta babes zibileko toki elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen araubidea arautzen duten oinarriak ezartzea eta argitaratzea, aurretiko tramitazioaren bidez, babes zibileko boluntarioen toki erakundeen funtzionamendu normala eta etengabea bermatuko duten mantentze-lanak eta inbertsioak egiteko, dirulaguntza horietan publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla bermatuz, baita administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia ere.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)