Boluntarioak izatea programaren tipologien eta proiektua baloratzeko irizpideen parte da.
335E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte-ekimeneko entitateentzako dirulaguntzen deialdia, 2025. urterako. DDBN identifikazioa: 819105.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.
Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin. Agindu hori Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, botere publikoek desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonal osoa eta inklusio soziala bermatuko duten politikak bultzatuko dituzte, ingurune zeharo irisgarrietan. Era berean, kolektibo horretako erakundeen parte-hartzea sustatuko dute, legeak ezartzen duen moduan. Bereziki artatuko dira emakumeen eta desgaitasuna duten adingabeen premia espezifikoak.
Martxoaren 30eko 30/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinean, C) 16 atalean, desgaitasuna duten pertsonen arloan aritzen diren gizarte zerbitzuetako entitateentzako dirulaguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen baliabidearen helburua dela desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak gauzatzea eta horrelako programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateetan asoziazionismoa sustatzea.
Bat etorriz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluarekin, dirulaguntzen deialdi hau ez dago Europar Batasuneko estatu-laguntzen araubidearen menpe, ez baitago distortsiorik ez merkatuan ez lehian. Izan ere, dirulaguntzaren hartzaileak irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, desgaitasuna duten pertsonen esparruan zerbitzu ematen dutenak, eta halakoek ez dute eragin ekonomikorik merkatuan, asoziazionismoa sustatzeak eta autonomia pertsonala bultzatu eta mendekotasuna prebenitzeko programak gauzatzeak ez dutelako etekinik sortzen; programa horiek badute, ordea, berebiziko interes soziala, desgaitasuna duten pertsonen premia espezifikoei erantzuten dietelako eta laguntza ematen dietelako desgaitasuna duten pertsonen familiei.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honako hau joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.
Azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legeak, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoak, ezartzen du nahitaezkoa dela klausula sozialak sartzea dirulaguntzen oinarrietan edo horiek emateko arauetan. Kontuan izanda deialdi hau desgaitasunaren sektoreko entitateei zuzenduta dagoela, zeinetan deialdi honen xedeko programek helburu baitute berariaz erantzutea desgaitasuna duten pertsonen premiei, haien autonomia eta bizi-kalitatea bermatuta, bai eta mendekotasunari arreta ematea eta aurrea hartzea ere, baldintza hori osorik betetzen da.
Era berean, deialdiaren oinarrietako balorazio irizpideekin desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea lehenesten da, eta sustatzen da desgaitasuna duten pertsonek beren bizitzako prozesu osoan parte-hartze eraginkorra izan dezatela, autonomia pertsonala bultzatuta.
Ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.
Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)