Monitore edo zuzendariak prestatzeko ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea sustatzen da, eta gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzea, baita ondoren gazteak boluntario aritzea eta lan merkatuan sartzea ere. Gainera, gazteen eta haurren dinamizazioa bultzatzen da, komunitate mailan, herri eta auzoetan, bai gazteriaren etxeetan bai aisialdiko espazioetan.
92E/2023 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, aisialdiko monitore edo zuzendarien ikastaroak, ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatuak eta emanak, egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. DDBN identifikazioa: 729529.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak 6.1 artikuluan xedatzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokiola "gazteen eskubideak babestea, garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean askatasunez, berdintasunez eta eraginkortasunez parte hartuz", eta "gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa", gazteen prestakuntza premiak erraztearen aldeko apustu argia eginez.
Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola sortzea onetsi zuen ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak. Bere eginkizunak dira, besteak beste, ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatutako ikastaroen titulu, diploma eta ziurtagiriak ematea. Orobat, bere zeregina da gazteriaren arloko jardueren eremuko tituluen ikastaroetako programak ezartzea, eta aisialdi eskolei onarpen ofiziala ematea eta kentzea.
Monitore edo zuzendariak prestatzeko ikastaroak eginda gazteen parte-hartzea sustatzen da, eta gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzea, baita ondoren gazteak boluntario aritzea eta lan merkatuan sartzea ere. Gainera, gazteen eta haurren dinamizazioa bultzatzen da, komunitate mailan, herri eta auzoetan, bai gazteriaren etxeetan bai aisialdiko espazioetan.
Hori dela-eta, gazteriaren arloko jarduerak erraztu eta sustatzeko, bidezkoa da deialdi bat izapidetzea, dirulaguntzak emateko aisialdiko monitore edo zuzendarien ikastaroak, ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatuak eta emanak, egiten dituztenei.
Nafarroako Gobernuaren 2023ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari deialdi hori onets zezan, laguntzok banakako ebaluazio prozeduraren bidez emateko.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituzten gazteei dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Ikastaroek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatuak eta emanak izan behar dute, eta haien zati teorikoak 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdiari erantzuteko, 35.000,00 euroko gastua baimentzea, "Gazteen prestakuntzarako laguntzak" izeneko 090002 09100 4809 232102 partidak 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan izanen duen partida korrelatiboaren edo helburu horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
2024ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua 50.000,00 euro handitzen ahalko da gehienez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3.a).1 artikuluan aurreikusten diren egoeretako bat gertatzen delako.
4. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
5. Ebazpen hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.
6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
Iruñean, 2023ko irailaren 5ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.
1. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, AISIALDIKO MONITORE EDO ZUZENDARIEN IKASTAROAK, AISIALDI ESKOLEK EMANAK, EGITEN DITUZTEN GAZTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea aisialdiko monitore edo zuzendari izateko ikastaroak egiten dituztenei laguntza ekonomikoak emateko. Ikastaro horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatuak eta emanak izan behar dute.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek banakako ebaluazioko araubideari jarraikiz emanen dira.
Laguntzak eskatu ahal izateko, ikastaroek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta haien zati teorikoak 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte beharko du amaiturik.
Zati teorikotzat hartuko da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 20ko 34/2004 Foru Aginduaren 5. artikuluan (1.a eta 2.a apartatuak) zehazten den aldi teoriko-praktikoa. Foru agindu horrek onarpen ofiziala duten aisialdi eskolek ematen dituzten aisialdiko zuzendari eta monitoreen ikastaroak arautzen dituzten arauak ezarri zituen.
Laguntza hauek izena eman eta ikastaroa ordaindu ondoren eskatzen ahalko dira.
2. Zenbatekoa.
Deialdi honetako 35.000,00 euroko gastua 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazteen prestakuntzarako laguntzak" izeneko partidaren kargura aplikatuko da, edo helburu horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
2024ko ekitaldian aurrekontu partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua 50.000,00 euro handitzen ahalko da gehienez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3.a).1 artikuluan aurreikusten diren egoeretako bat gertatzen delako.
3. Onuradunak.
Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatzen eta ematen dituzten aisialdiko monitore edo zuzendarien ikastaroak egiten dituztenek, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Nafarroan bizitzea eskaera aurkezten den unean.
b) Laguntza eskatzen den unean 31 urte beteak ez izatea.
c) Izena emana izatea Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdi eskolek antolatzen eta ematen duten aisialdiko monitore edo zuzendarien ikastaro batean.
d) Matrikularen zenbatekoa ordainduta izatea.
e) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.
Eskatzaile bakoitzari behin bakarrik emanen zaio dirulaguntza aisialdiko monitore izateko ikastarorako, eta behin bakarrik aisialdiko zuzendari izateko ikastarorako.
4. Noiz eta non aurkeztu.
4.1. Eskaerak 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitartean aurkezten ahalko dira.
4.2. Eskaerak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/aisialdiko-monitore-edo-zuzendari-izateko-ikastaroak-egiten-dituzten-gazteendako-laguntzak-2023-2024.
5. Dokumentazioa.
5.1. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskaera-orria, behar bezala beterik. Hori izanen da tramite honetarako eskabidea (2. eranskina).
b) Ikastaroaren kostua ordaindu izanaren egiaztagiria, zenbatekoa agertzen duena.
c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.
d) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, laguntza eskatu aurreko hiru hilabeteetan emana.
e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena (2. eranskina).
g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (2. eranskina).
h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hiru hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean (2. eranskina).
5.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatuko zaie dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
6. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.
6.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da dirulaguntza kudeatzeko unitatea. Eskaerak izapidetuko ditu eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.
6.2. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko monitore izateko ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza eskatzaileak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50 izanen da; nolanahi ere, gehieneko muga bat ezarri da laguntza bakoitzeko: 150 euro.
6.3. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko zuzendari izateko ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza eskatzaileak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %90 da; nolanahi ere, gehieneko muga bat ezarri da laguntza bakoitzeko: 360 euro.
7. Ebazpena.
7.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, erregistroan aurkeztu ziren ordena horretan berean.
7.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Laguntza ematen duen ebazpenean eskaera bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.
7.3. Laguntzen zenbatekoa 2024rako Nafarroako Gobernuko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.
8. Bateragarritasuna.
8.1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.
8.2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ezin izanen da inola ere izan onuradunak matrikula edo inskripzioan ordaindutakoa baino handiagoa.
9. Onuradunen betebeharrak.
9.1. Ikastaroa osorik gainditzea eta dagokion titulua eskuratzea.
9.2. Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.
9.3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatutako informazioa ematea eta haren egiaztapenak onartzea.
9.4. Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuari.
9.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
10. Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta 3 hilabeteko epean, gehienez.
11. Ez-betetzeak.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizioz eginen ditu laguntza emateko eta mantentzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da.
Laguntza itzuli beharko da baldin ikastaroa ez bada osorik gainditzen eta dagokion titulua ez bada lortzen eta, horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutako arrazoiengatik.
Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
12. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
13. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
14. Aplikatzekoa den legedia.
Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2316886
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)