Boluntariotza da epaimahaiak aurkeztutako lanen gainean baloratuko duen irizpideetako bat.
34E/2024 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" sariak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 758226.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honela definitzen du gazteriaren hezkuntza ez-formala: pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Heziketa hori eman ahalko dute Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak aisialdiak gaztaroan duen garrantzia nabarmentzen du. Aisialdi hezigarri eta komunitarioa zera da: elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonen oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Aisialdi hezigarrirako zentro eta entitateak gizarteratzeko gune seguruak dira, erreferentziako eredu positiboekin, indarkeria eta arrisku jardueretatik urrun. Parte-hartze boluntario, automotibatu eta atsegingarrian oinarrituta daude, baina baita ere beste pertsonekiko harremanetan, askotarikoak, errealitate eta esperientzia desberdinak dituztenak. Horiekin posible dira jarduera hezigarria eta garapen komunitarioa.
Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta hura da gazteriaren egunerokoan hezkuntza ez-formala sustatzearen arduraduna. Bere kalitatea bermatzeko, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez, urtero aisialdiko begirale eta zuzendari izateko zenbait ikastaro kudeatzen ditu. Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdi hezkuntzako eskolek ematen dituzte ikastaroak.
Aisialdi hezigarria sustatzeko eta ikasleek ikastaroen azken memoriaren bidez aurkeztutako proiektuen hedapena errazteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egokitzat jo du aisialdiko hezkuntza proiektu onenaren "NGJE" sarien laugarren edizioa deitzea, Nafarroan bizi diren, 31 urte baino gutxiago dituzten eta Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskoletan 2023ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean aisialdiko begiralearen edo zuzendariaren titulua lortu duten pertsonei zuzenduta.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko 2024ko edizioaren deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean bildu direnak.
3. Guztira 1.200,00 euroko gastua baimentzea, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak" izeneko 340002 34100 4809 232106 partida ekonomikoaren kargura.
4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.
5. Ebazpen honek eta bere eranskinek ez dute administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2024ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.
Ikusi deialdi osoa hemen sakatuz (kanpoko esteka)