Nafarroako Gobernuak herritarrei kontuak emateko lehen ekitaldia aurkeztu du

2025ko urtarrilaren 17, ostirala

Bere historian lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak kontuak emateko ariketa bat egin du, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek sinatutako 2023-2017 Akordio Programatikoan hartutako konpromisoen betetze-maia ebaluatzeko eta jakinarazteko. Azpimarratzekoa da legegintzaldiko lehen urtean hasi dela Foru Gobernua Akordio Programatikoko 347 konpromisoen ia % 90 gauzatzen.

Nafarroako Gobernuaren Zuzendaritza Publikoaren V. Topaketaren esparruan gaur aurkeztu den txosten honek, legegintzaldiko konpromiso estrategikoetan 2023ko irailetik 2024ko irailera bitartean izandako aurrerapen eta konpromiso horiek Garapen Jasangarriko Helburuekin (GIH) duten lerrokadura zehazten ditu, herritarrentzako jarraipen, ebaluazio eta gardentasunerako funtsezko tresna bihurtuz. Era berean, Foru Gobernuaren urteko araugintza-planaren jarraipena egin da. Bertan, onartzeko aurkeztuko diren lege- edo erregelamendu-ekimenak jasotzen dira.

Prozesuak kudeaketa publikoari buruzko informazio garden eta eskuragarriaren goranzko eskaera sozialari erantzuten dio. Kontu emateak, Gobernuaren ekimenen gauzatze-egoera ezagutzeko aukera emateaz gain, kudeaketa ireki, arduratsu eta ebaluagarriaren aldeko konpromisoa indartzen du, gobernantza demokratikoaren arloko nazioarteko jardunbide onenen ildotik.

Datu horiek errazago eskuratzeko, Nafarroako Gobernuaren Azterketa eta Prospekzio Bulegoak atal bat prestatu du bere webgunean, herritarrek konpromiso bakoitzaren betetze-egoera ikus dezaten panel interaktiboen eta bilakaera-grafikoen bidez. Tresna digital hau, https://analisisyprospectiva.navarra.es/es/ helbidean eskura daiteke, eta Foru Gobernuaren ekimen bakoitzaren aurrerapen-maila kontsultatzeko aukera ematen dio edonori.

Konpromiso monitorizatuak eta informaziorako sarbide publikoa

Aurkeztutako txostenak 13 gai-arlotan egituratutako 347 konpromisoaren egoera zehazten du, 2023-2027 Akordio Programatikotik zuzenean eratortzen direnak. Akordio honek legegintzaldirako Jaurlaritzaren helburu eta jarduera-ildo nagusiak ezartzen ditu, garapen ekonomikoa bultzatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta iraunkortasunean, berdintasunean eta herritarren parte-hartzean aurrera egiteko neurriekin.

Legegintzaldiko lehen urtean, Foru Gobernua akordio programatikoko 347 konpromisoen % 87,3 gauzatzen hasi da.

Guztira 16 konpromiso (% 4,6) osatu dira, funtsezko ekimenak barne, esaterako Sexu Indarkerientzako Arreta Integraleko Zentroa abian jartzea, Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzua sendotzea eta Eskola Jantokiei buruzko Foru Dekretu berria onartzea, zeinak jantoki-eskubidea ikasturteko 175 egunetan zabaltzen duen.

% 11,2 oso aurreratuta daude, eta gauzatze-maila % 75etik gorakoa da. Talde honetan sartzen dira, besteak beste, Nafarroako Turismo Plan Estrategikoa, etxebizitzaren birgaitze energetikoa bultzatzea eta enplegu-politika aktiboak indartzea.

% 24,8 tarteko fasean daude (% 25-75gauzatze-fasean), eta horrek esan nahi du haien garapena martxan dagoela, baina oraindik urrats gehiago behar direla amaitzeko.

Konpromisoen % 30 hasierako gauzatze-fasean daude, eta horrek legegintzaldiko lehen etapa prestatzeko lana islatzen du. Horien artean, hezkuntzan, jasangarritasunean eta administrazio publikoaren digitalizazioan hartutako neurriak nabarmentzen dira.

Konpromisoen % 8,4 oraindik ez dira martxan jarri, neurri handi batean garatzen ari diren araudien edo eskumen-esparruen mende daudelako.

Azkenik, konpromisoen % 2 ez ditu Nafarroako Gobernuak ezarriko, kasu gehienetan, neurriek ez dutelako beren eskumen-esparrua betetzen.

Gaikako arloei dagokienez, konpromisoek aurrerapen-maila desberdinak dituzte. Nabarmentzekoak dira:

  • Nafarroa soziala eta ongizatearena (98 konpromiso): ekimen gehien biltzen ditu, % 14,8 hasierako fasean eta % 24,5 gauzatze aurreratuan. Mugarri garrantzitsuak lortu dira, esaterako Eguneko Zentro Publikoen Plana bultzatzea, etxebizitzarako laguntza-sistema hobetzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako neurriak ezartzea.
  • Enplegua eta aurrerapen ekonomikoa (68 konpromiso): Ekimenen ia % 40 fase aurreratuan daude, Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzua sendotzea eta gaitzeko eta aldaketa digitalera egokitzeko programak indartzea barne.
  • Ezagutza, hezkuntza eta aukera-berdintasuna (39 konpromiso): % 38,4 egoera aurreratuan dago, haur hezkuntzako doako plazak sortzea, PROA plana indartzea eta hezkidetza programak sendotzea bezalako neurri nabarmenekin.
  • Ingurumena eta trantsizio ekologikoa (22 konpromiso): proiektuen % 31,8 fase aurreratuan daude, eta mugikortasun iraunkorra, ekonomia zirkularra eta klima-aldaketara egokitzea lortu dute.
  • Lurralde kohesioa eta toki administrazioa (21 konpromiso): Nabarmentzekoa da Nafarroako Garraioaren Plan Integralaren aurrerapena (PITNA) eta N-121-A errepidea 2+1 bide seguru bihurtzea.
  • Berdintasuna, inklusioa eta aniztasuna (18 konpromiso): Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroaren irekiera barne hartzen du.

Konpromiso hauek Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) lerrokatzeak indartu egiten du Nafarroako Gobernuak garapen-eredu orekatu baten alde egiten duen apustua. Ekimen gehienak GJH 8rekin (hazkunde ekonomikoa eta lan txukuna), GJH 11rekin (hiri eta komunitate iraunkorrak), GJH 3rekin (osasuna eta ongizatea) eta GJH 16rekin (gizarte inklusiboak eta baketsuak) lotuta daude.

2024ko urteko araugintza-plana betetzeari dagokionez, 85 arauri buruzko informazioa eman da; horietatik 25 (% 29,4) argitaratuta daude; 54 (%63,5) izapidetzen ari dira; 4 ez dira hasi (% 4,7) eta 2 (% 2,3) baztertu egin dira. 2024. urteko araugintza-planak bat egiten du GJHekin: 8 (hazkunde ekonomiko iraunkorra eta lan txukuna), 10 (desberdintasunak murriztea) eta 12 (kontsumo eta ekoizpen iraunkorreko modalitateak).

Jarraitutasun-bokazioa duen gardentasun-ariketa bat

Gogoratu behar da kontuak emateak lege-sustraiak dituela duela bi hamarkada baino gehiagotik Nafarroan, eta Foru Gobernuaren funtsezko konpromiso gisa finkatzen dela. 14/2004 Foru Legeak gardentasuna eta erantzukizuna eskatzen zituen gobernuaren kudeaketan; 5/2018 Foru Legeak berriz, indartu egin zuen agindu hori, gobernu onaren ebaluazioa eta kultura sustatuz; eta 12/2019 Foru Legeak aldiz, herritarren parte-hartzea txertatu zuen politika publikoen ebaluazioan.

Kontuak emateko prozesu hori, Legebiltzarrean 2023ko urriaren 10ean iragarri zena, ez da ekitaldi isolatu bat, legegintzaldian zehar aldizka errepikatuko den mekanismo bat baizik. Aplikatutako metodologiaren helburua ekitaldi hau etengabeko jarraipen eta ebaluaziorako tresna gisa finkatzea da, lortutako emaitzen arabera doikuntzak eta hobekuntzak ahalbidetuz.

Ekimen aitzindari honekin, Nafarroako Gobernuak berretsi egiten du gardentasunarekin, politika publikoen ebaluazioarekin eta herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoa. Horrela, kontuak ematea funtsezko zutabea da gobernu irekiago, irisgarriago eta eraginkorrago bat sendotzeko.

Nafarroako Gobernuak herritarrei kontuak emateko lehen ekitaldia aurkeztu du