Nafarroako Gobernuak bat egin du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin, kultur eta sentsibilizazio programazioa eskainiz

2024ko abenduaren 4, asteazkena

Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren bitartez, bat egin du zortzigarren urtez Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin. Astebetez, abenduaren 8tik 15era, hainbat jarduera egingo dira, errealitate desberdinak ezagutzeko eta horien zein giza eskubideen inguruan hausnartzeko. 1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuen eguna gogora ekartzen du abenduaren 10ak.

"Eskubide guztiak pertsona guztientzat" izango da ospakizunerako aukeratutako leloa, eta askotariko jarduerak eskainiko ditu Foru Gobernuak, herritarrak Giza Eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta errealitate desberdinei begirada zabaltzeko. Programazioa hurrengo asteburua arte luzatuko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako departamentuarekin batera "Ubuntu" izenarekin antolatutako hiru kontzerturen programazioari esker.

Kultur eskaintzaren helburua adin guztietako publikoarengana iristea da, denei zuzendutako jarduerekin. Musika, antzerkia, ipuinak, Somos Personas/Pertsonak gara erronka-jokoa dira oraingoan aukeratutako diziplina eta jarduerak. Jarduerak horiek Nafarroako hainbat udalerritan egingo dira: Iruñean, Altsasun, Burlatan, Tafallan, Irurtzunen, Ribaforadan, Fustiñanan, Azkoienen eta Donezteben. Jardueren programazioa Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak burututako bideoarekin abenduaren 10ean bertan osatuko da. Aurten, berrikuntza gisa, hitza, poesiaren bidez, dantzarekin lotuko da. Urtero bezala, Nafarroako Gobernuak herritar guztiak animatu nahi ditu proposamen honetan parte hartzera.

"Muchos amigos negros" eta "Nuestros muertos" antzezlanak

Astea igandean, abenduak 8, hasiko da Irurtzunen "Muchos amigos negros" antzezlanarekin. Ezberdintasunari buruzko komedia beltza da. Errealitateari itsatsitako istorio bat da, gaurkotasun amorratua duen gai bat azpimarratzen duena: pertsona ezezagunarekiko, etorkinarekiko, beste erlijio batekiko beldurra edo arbuioa, gizarte-maila ahulekoa dena edo sexu-joera desberdina duena. Zuzentasun politikoko geruza askoren azpian ezkutatuta daramagun sentimendua. Azken batean, ezberdina denari, aniztasunari, beldurra, denok ukatzen duguna, «lagun beltz asko ditugulako». Ados Teatroak, Bidebitarte Kooperatibak eta Teatro Maltak ekoitzitako obra da; Garbi Losadak idatzi eta zuzendu duena. Emanaldia 19:00etan izango da Irurtzungo Kultur Etxean.

Antzezlan bera eskainiko zaie DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei abenduaren 11n, 10:30ean, Iruñeko Civivox Iturraman. Parte hartzen duten ikasleek unitate didaktiko batekin landuko dute gaia, eta horri buruz hitz egiteko aukera izango dute antzezlaneko aktoreekin.

DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek ere "Nuestros muertos" antzezlana ikusteko aukera izango dute abenduaren 9an, 10:30ean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Istorio honetan, 80 urteko emakume batek onartzen du elkarrizketa bat izatea bere semea hil zuen damututako ETAko presoarekin. Solasaldian zehar, baretasuna eta umore ona batzuetan jasanezinak diren tentsioekin eta minarekin tartekatzen dira, eta ETAk 800 hildako baino gehiago eragin zituen urte latz hauetako funtsezko gai asko aletzen dira, giza, familia eta gizarte dramekin batera. Baina, era berean, isiltasunez eta erantzunik gabeko galderaz betetako elkarrizketa horretan, errepresio frankistari begiratzen zaio. Errepresio horrek laurogei urte lehenago adineko emakumearen aita hil zuen, ia berrogei urteko diktadura eragin zuen, eta ehun mila desagertu baino gehiago utzi zituen herrialde osoan zehar. Testua eta obraren zuzendaritza Mariano Llorenterena da.

Giza Eskubideen inguruko ipuin katea, abenduaren 9an

Azaroan, “Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Eskolak" programak “Eskuz Esku ipuina. Giza Eskubideak” ekimenaren seigarren edizioa garatu du. Bertan, 42 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 2.008 ikaslek, egunez egun eta ikastetxez ikastetxe, bi ipuin idatzi dituzte, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz.

Ana Jaka idazleak idatzi du ipuinaren hasiera euskaraz eta Sandra Iraizoz eta Juan Frommknecht idazleek ipuinaren hasiera gaztelaniaz. Bi ipuinak abenduaren 9an, astelehenean, aurkeztuko dira jendaurrean Iruña-San Frantziskoko Liburutegi Publikoan. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako ipuinen aurkezpena ekitaldi itxi batean egingo da, eta protagonismoa parte hartzen duten ikasle eta irakasleek izango dute.

Aurten, nobedade gisa, Marisa Serrano, Inma Gurrea eta Izaskun Mujika narratzaileek taularatuko dituzte bi ipuinak. Abenduaren 9tik 13rako astean, Nafarroako bost udalerritan ahozko narrazio saioak egingo dira, ikasleek sortutako giza eskubideen aldeko ipuinak oinarri hartuta. Saio guztiak arratsaldeko 17:30ean izango dira, 10ean Azkoienen eta Iruñean (Milagrosako Liburutegia), 11n Ribaforadan eta Fustiñanan, 12an Iruñean (San Frantziskoko Liburutegia) eta 13an Donezteben.

Hilaren 10erako ekitaldiak: "Somos Personas/Petsonak gara" eta "Begiak ireki" bideoa

Abenduaren 10ean, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak "Somos Personas/Pertsonak gara" erronka-jokoan parte hartzen ari den ikastetxeetako bat bisitatuko du. Jolas horren helburua ikasleak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak jasotzen dituen 30 artikuluetara hurbiltzea da, ikastetxean zein dagokion udalerrian eta internet bidez taldean egingo diren jolasen eta erronken bitartez. Hezkuntza-komunitatearen, tokiko erakundeen eta elkarteen arteko sarea sortu nahi da. Jolasean parte hartzen duten ikasleen profila gizartearen isla da, anitza eta aberatsa, honako alderdi hauek kontuan hartuta: hiri- eta landa-ingurunea, generoa, identitatea, adina, funtzionaltasuna, kultura, baliabide ekonomikoak, ikasketa-aniztasuna... Jolasa 2025eko maiatzean amaituko da, parte hartzen duten ikasle guztien topaketarekin. Abenduaren 10eko bisitak ikastetxe bati aukera emango dio egindako erronketako baten emaitza zuzenean erakusteko.

Gainera, Giza Eskubideen Nazioarteko Egun berean eta azken urte hauetan bezala, Memoria eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiak Giza Eskubideen aldeko bideoa zabalduko du, ospakizun honetarako sortutako bideoa. Aurten, poesia eta dantza batzen dituen lana, Berpiztu Audiobisualen eskutik dator, Maitane Domench Aristuren zuzendaritzapean. Izaskun Mata Colomak sortu du poesia eta Ainhoa Carrera Igeltz-ek koreografia egin du.

"Ubuntu" kontzertuak, Migrazio Politiken zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan

Proposamen hau Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan antolatu da. Afrikan nagusi den energia bizitzera gonbidatzen du ikuskizunak. Bost abeslarik, bederatzi dantzarik eta perkusionistak eta narratzaile batek Afrika zer den, Afrika zergatik den hain desberdina kontatzen digute.

Musikala dantzen segida bat da, leku desberdinetako gospel kantuak, baina batez ere hegoafrikarra, dantza garaikidea eta sortzailea, Afrika, bere iragana eta oraina, tradizioak, erritualak, mitoak, 1884ko banaketa (Berlingo konferentzia), esklabotza eta immigrazioa deskribatuz, eta barkamenaren gai sinestezinera hurbiltzen gaituzte. Baina Afrika, batez ere, erritmoa, alaitasuna, gaztetasuna eta itxaropena da.

“Ubuntuk” Afrika erakusten digu, bere dantza tribaletatik hasi eta mundu moderno baterantz eboluzionatu arte. Kolorez, emozioz eta bibrazioz beteriko ikuskizuna. “Ubuntu” ABA TAANO gospel abeslariek, UGANDAN STICKSEKO dantzariek eta NATUMAYIINI GIRLSek antzezten dute. Talde horiek guztiak Ugandako ‘Bizitzak Salbatzeko Musika’ proiektutik sortu ziren. Zuzendariak Ssenteza Derrick eta Yiga David dira eta zuzendari artistikoa Elisabeth Michot. Altsasu, Tafalla eta Burlata izango dira kontzertuak hartuko dituzten udalerriak abenduaren 13, 14 eta 15ean, hurrenez hurren. Sarrera librea da lekua bete arte

 
Nafarroako Gobernuak bat egin du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin, kultur eta sentsibilizazio programazioa eskainiz