Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 2023rako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Operatiboa onartzeko erabakia hartu du. Bertan, 159 neurri zehatz jasotzen dira irisgarritasun unibertsalaren arloan 65 aldaketa bultzatzeko, 27.594.974,12 euroko inbertsio aurrekontuarekin.
Dokumentua Lehendakaritzaren eta Gobernu Irekiaren Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, eta Exekutibo osoarekiko zeharkakoa da. Bertan, Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietako 27 zuzendaritza nagusik, erakunde autonomok eta idazkaritza nagusi teknikok parte hartu dute.
Dokumentuak modu erreal eta nabarmenean eragin nahi du aldaketan, Foru Exekutiboak honako hauek bermatzeko duen konpromisoaren arabera: aukera-berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitatean pertsona guztiak eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzea eta horiek bizimodu independentea izatea. Era berean, Planari jarraipen aktiboa egingo zaio urtean.
Plana garatuta, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan eta, zehatzago, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonei arreta emateari eta haien eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legean definitutako helburuen eta erronken inguruko konpromisoa betetzen da. Bertan, Irisgarritasuna beharrezkotzat jotzen da desgaitasuna duten pertsonentzat ez ezik, bizitzako etapa ezberdinetan zehar onuradun izan daitezkeen pertsona guztientzat ere.
159 neurri zehatz eta egingarri 65 aldaketa lortzeko
Modu horretan, ikuspegi operatibotik, dokumentuan zehazten da nola egin nahi den aurrera, indarrak batuz eta sinergiak sortuz, departamentu arteko lanaren alde apustu sendoa eginez. Besteak beste, nabarmendu behar da, adibidez, irisgarritasun unibertsalaren kudeaketa-sistema, UNE 170001-2, Iruñeko Herritarrak Artatzeko Bulegoan ezartzea, edo Foruzaingoa eta Udaltzaingoa desgaitasuna duten pertsonei arreta, interakzioa eta tratua emateko prestatzea.
Berdintasuna bezalako gaiei dagokienez, Sexu Indarkeriaren Arreta Integraleko Zentroan irisgarritasun unibertsala bermatzea jasotzen da Planean edota sentsibilizazio-ekintzak garatzea, batez ere emakumeentzat (bereziki, desgaitasuna duten emakumeentzat) zaintzak modu erantzunkidean ez banatzeak dakarren kostu sozial, ekonomikoa eta osasun-arloko kostua agerian uzteko.
Era berean, Planean jasotzen da Foru Komunitateko udalei eta kontzejuei diru-laguntzak ematea, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Lehen Hezkuntza-DBH mistoetan Irisgarritasun Unibertsaleko obra-proiektuak gauzatzeko. Horrez gain, ekintza mordoa aurreikusten dira eraikin eta espazio ezberdinetan eragozpen arkitektonikoak ezabatzeko, Irisgarritasun Unibertsalera egokitzearren, Irakurketa Errazeko seinale edo pertsona gorrentzako indukzio magnetikoko begizta eta guzti.
Zerbitzuei dagokienean, zenbait neurri aipatu behar dira; hala nola, Nafarroako Liburutegiko espazioak seinaleztatzea, irisgarritasun kognitiboko oztopoak dituzten pertsonentzat ulergarriagoa izan dadin, edota liburutegi publikoetan irakurketa errazeko material irisgarriak eskuratzea. Kirolari erreparatuta, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea bultzatzen duten jarduera fisikoko programetarako laguntza-jarduerak egitea jasotzen da.
27 zuzendaritza nagusiren, erakunde autonomoren eta idazkaritza nagusi teknikoren ekarpenak
Egiteko prozesuari dagokionez, parte hartzeko fasea nabarmendu behar da. Nafarroako Gobernuko 27 zuzendaritza nagusik, erakunde autonomok eta idazkaritza nagusi teknikok bidalitako proposamenez gain, pertsona guztientzako Irisgarritasun Unibertsala eta Aukera Berdintasuna sustatzeko Kontseilua osatzen duten kanpoko erakundeek ere beren ekarpenak egin zituzten.
Era berean, fase honetan, web atari irisgarri bat eta parte hartzeko tailer bat egon ziren herritar guztientzat, eta horietan, batez ere, desgaitasuna duten pertsonek eta arlo horretan lan egiten duten profesionalek parte hartu zuten.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak Plana onartu aurretik, pertsona guztientzako Irisgarritasun Unibertsala eta Aukera Berdintasuna sustatzeko Kontseiluan aurkeztu zen, eta Kontseiluak oniritzia eman zuen.