Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Europak herritarren ongizateari egiten dion ekarpena aldarrikatu du, besteak beste, klima-aldaketa, ekonomiaren eraldaketa, digitalizazioaren erronka edo COVID-19aren pandemia bezalako erronken aurrean.
Europaren Egunaren harira, gaur, maiatzak 9, Chivitek adierazi du Europar Batasuneko kide izatea, ospatu behar dugun “etorkizunerako segurtasun berme“ bat dela.
Lehendakariaren esanetan, Europar Batasuna “oparotasuna sortzeko funtsezkoa den itun ekonomiko bat izateaz haratago, giza duintasuna eustea hala nola sustatzea, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbidezko estatua eta giza eskubideak helburu nagusitzat dituen proiektu bat da”.
Ildo horretatik, herritar nafartarrak egun hau “poztasunez eta behar bezala” ospatzera gonbidatu du, “lortutakoa mantentzeko, axolagabetasuna baztertzeko nahiz aniztasuna besarkatzeko” gure arduraren jabe izanik”, adierazi du.
Europaren Eguna
Europaren Egunak “Schuman Adierazpena” sinatu izana ospatzen du, 1950eko maiatzak 9an Robert Schuman Atzerri Gaietarako ministro frantsesak Parisen emandako hitzaldi hura, zeinekin Europara lankidetza politiko berri bat ekartzeko bere ideia barreiatu nahi izan zuen, nazio europarren artean gerra berri bat pentsaezina izate aldera.
Zehazki, Ikatzaren eta Altzairuaren Europar Erkidegoa (CECA) sortzea proposatu zuen, zeinetako kideek ikatzaren eta altzairuaren ekoizpena partekatuko zuten. Hori izan zen, azkenik, gaur egun Europar Batasuna dena bihurtuko ziren nazioz gaindiko erakundeen arteko lehena.