Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren karietara

2022ko azaroaren 24, osteguna

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du, ostiral honetan, azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Gainera, Exekutiboak gizarteari dei egin dio ostiralean Nafarroako Jauregiaren atarian, 12:00etan, egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

“Urtero bezala, Nafarroako Gobernuak bat egiten du herritarrekin, entitateekin eta erakundeekin, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren karietara, eta gizarte osoarekin batera aurrera egiteko konpromisoa adierazten du, helburua izanda etorkizunean indarkeria desagerraraztea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea.

Egun horretan, biktimen eta bizirik atera direnen ondoan gaude inoiz baino gehiago, sinetsita baikaude indarkeria egiturazko arazo baten sintoma dela eta arazo hori emakumeei eragiten dieten desberdinkeriek eta diskriminazioek eragiten dutela, oraindik ere gure gizartea baldintzatzen duen sistema patriarkal eta androzentrikoan bizi baikara. Indarkeria da desberdinkeriaren adierazpide nagusia munduko gizarte guztietan, baita gurean ere. 

Indarkeria mota hori desagerrarazteko bidea berdintasuna da, zalantzarik gabe, eta, horretan aurrera aurrera egiteko asmoz, herritarrak bultzatu nahi ditugu norberaren sinesmenei eta jarduerei buruz hausnartzera.

Zergatik jartzen ditugu zalantzan emakumeen salaketak? Zergatik jartzen ditugu askotan arreta eta susmoa biktimarengan, eta zergatik saiatzen gara erasotzailea errugabetzen? Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, zergatik entzuten ditugu, batzuetan, honelako esaldiak?: “Nori bururatzen zaio hain berandu itzultzea bakarrik?”, “Ikusi nola zihoan jantzita”, “Zergatik ez zenuen lehenago utzi?” Gizarte demokratikoa garenez, pentsamendu eta iritzi horiek aldatu behar ditugu, jarrera eta delitu matxistak justifikatzen baitituzte.

Azaroaren 25ean, azpimarratu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria dela beti susmopean izaten dugun delitu bakarra. Une honetan, oso beharrezkoa da zalantza horiek geldiaraztea, emakumeen aurkako indarkeriaren negazionismoa zabaltzen laguntzen baitute. Iaz bezala, egun berezi honetan, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, mezu argi bat igorri nahi die emakumeei: Zure ondoan gaude, sinesten dizugu. 

Hitzematen dugu ikuspegi feminista batetik lan egiten segituko dugula, beste erakundeekin eta herritarrekin koordinatuta, bultzatzen ari garen osoko neurrien kalitatea hobetzeko xedez. Hori guztia indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei eta haien seme-alabei arreta emateko, indarkeria hori prebenitzeko, ikertzeko eta hari buruz sentsibilizatzeko, eta biktima guztiak babesteko, justiziarako sarbidea izateko eta haien egoera onbideratzeko.

Gaurkoa bezalako egun batean, erakunde publiko gisa dugun erantzukizunetik abiaturik, berariaz gogoratu nahi dugu Sara Pina Yeregui, 2022ko urtarrilean erail baitzuten, bai eta indarkeria matxistaren ondorioz hil direnak eta esperientzia horretatik bizirik atera diren guztiak ere, norberaren egoera gorabehera, egunero saiatzen baitira errealitate gogor hori gainditzen eta aldatzen.

Beti bezala, animatzen zaituztegu mugimendu sozialetan eta azaroaren 25a dela-eta antolatu diren egintzetan aktiboki parte hartzera.”

Merezitakoa izan du? Alda ezazu!

Merezitakoa izan du? Emakumeen aurkako indarkeria biktima zalantzan jartzen duen delitu bakarra da. Alda ezazu! da Nafarroako Gobernuak azaroaren 25eko kanpaina instituzionala. Horren bitartez, biktimen testigantza gutxiesten duten eta emakumeen aurkako indarkeria legitimatzen duten iruzkinak adieraztea du xede.

Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren karietara