Chivite Lehendakariak Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko Foroan parte hartuko du datorren astelehenean, hilak 15

2024ko uztailaren 12, ostirala

María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak Nazio Batuek antolatutako Garapen Iraunkorrari buruzko Goi Mailako Foro Politikoan parte hartuko du datorren astelehenean, uztailak 15, New York hirian. Bertan, Foru Komunitateak gizarte-babesaren, hezkuntzaren, genero-berdintasunaren eta energia garbiaren arloetan izandako lorpenak aurkeztuko ditu.

Gobernu Zentralak esku hartzera gonbidatu du Nafarroa, parte-hartze handiko gobernantza-maila bat duelako eta Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) betetzeko orduan aurrera egin duelako. Hain zuzen, 2030 Agenda Espainian ezartzeari buruzko 2024ko Borondatezko Azterketa Nazionala aurkezterakoan parte hartuko du María Chivitek, zeinetan 2030 Agenda herrialdean betetzeko autonomia-erkidegoek duten konpromisoa eta zeregina aurkeztuko diren.

Foro hau Nazio Batuen plataforma nagusia da, Garapen Iraunkorreko 2030 Agendaren hala nola Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) jarraipena eta berrikuspena egiteko mundu mailan, eta etxe orratzen hirian garatu izaten da uztailaren 5etik 15era bitartean.

Nafarroa eta 2030 Agenda

2030 Agenda onartutako ekintza-plan globalik handiena da; izan ere, munduko hainbat herrialdek ez zuten inoiz helburu berberak lortzeko konpromisorik hartu. 17 helburu zehatzek osatzen dute, GIH izenekoek, eta mundu inklusiboago eta oparoago baterantz egin nahi dute aurrera planetako pertsona guztientzat.

Nafarroak 2016an ekin zion bideari 2030 Agendan, Nafarroako Parlamentuaren aginduz, Nazio Batuek adierazpena egin eta handik soilik urtebetera. 2017an, Departamenduarteko Batzordea osatu zen Foru Gobernuaren baitan, eta hau 2023ra arte aritu da lanean, Nafarroa Iraunkorra 2030 Estrategia onartu den arte. Dokumentu horrek abiapuntua aztertzen du, eta jarraitu beharreko bidea zehazten du.

2021ean, Europar Batasuneko GIHren ezarpena zaintzeaz arduratzen den Europako Batzordeak, Nafarroa Europako hiru eskualde inplikatuetako bat dela aitortu zuen.

Joan den 2023ko urrian, Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Komunak, Regions 2023 proiektuaz arduratzen denak, Nafarroa Agendaren aplikazioan erreferentziazko eskualde gisa aitortu zuten.

Aurten, 2024an, beste urrats bat emango da gizarte zibila inplikatu nahi duen Nafarroako 2030 Aliantza abiarazita. Horren harira, Nafarroa izango da lehen lurraldea lankidetza aktiboaren bidez GIHen aldeko aliantza osatuko duena.

Nafarroako jardunbide egokiak

Nafarroa ongizate-maila handiko erkidegoa da, baina oraindik ere herritarren egoera hobetu daiteke, baita horrela inguruko herrien ongizatearen gaineko erantzukizuna gehiago sendotu ere.

Hona hemen Nafarroan abian jarri diren jardunbide egoki batzuk, hain zuzen 2030 Agendarekin bat datozenak:

-1. GIH, pobreziaren amaiera: Nafarroak babes-ezkutu zabal bat du Errenta Bermatuaren eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren bidez, izan ere, herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzen dizkien errenta unibertsala ezartzen dute. 16.000 familiek baino gehiagok jasotzen dute Errenta Bermatua; frogatu da kalteberatasun-uneetan tresna eraginkorra dela pertsonak eta, batez ere, haurrak babestu ahal izateko.

-2. GIH, zero gose: Nafarroak Ureztatze Plan berria onartu du, eta datozen 15 urteetan 550 milioi euro aurreikusten ditu inbertsioetan. Horrenbestez, Foru Komunitateak elikagai seguruen eta kalitatezkoen ekoizle gisa duen posizioa sendotuko du. Planak 68.000 ha labore birmoldatzea aurreikusten du, eta horietatik % 45 Nafarroako Ubidearen II. Fasean sartzen dira. Fase horrek kalitatezko ura eramango du Erriberara laboreetarako, baina baita ahoa eta industria xede dituen erabilerarako ere.

-4. GIH, kalitatezko hezkuntza: Foru Komunitateak 60 milioi euro inbertitu ditu bost urtean ikaskuntzarako teknologian, eskolak egungo hezkuntza-premietara egokituz eta ikasleei teknologien hala nola sare sozialen erabilera arduratsu eta kritikoa egiten lagunduz. 12 urteko ikasle guztiek gailu pertsonal batekin kontatu ahal dute (Chromebook), eta ehuneko ehunak azken belaunaldiko azpiegiturez gozatzen dute, esaterako pantaila adimendunez eta Ikasnova ikasgelez, zeinekin, bizi diren lekuan bizi direla, hezkuntza ekitatiboa bermatzen den.

-5. GIH, genero-berdintasuna: SKOLAE programak sustatzen du, irakasleek eta ikasleek egiten dituzten ikaskuntzen bidez, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunekiko begirada kritikoarekin garatzeko elementuak eskuratzea. Programa hori saritua izan da UNESCOren aldetik, berdintasuna sustatzeko jardunbide egoki eta eraginkor bezala.

-7. GIH, energia garbia eta ez-kutsatzailea: Nafarroak 30 urte daramatza energia berriztagarrietan potentzia bat izateko lanean, eta horri esker, industria-sektore berri bat sortu da ekoizpen eolikoaren inguruan, erkidego osorako aberastasun- eta ongizate-iturria izanik. Baina, era berean, ahalegin handia egin du energia-eraginkortasuna hobetzeko (% 16 igo da 10 urtean) eta kontsumitutako energiak jatorri berriztagarria izateko arloetan. Gaur egun, berriztagarriak dira energia ekoizteko lehen iturria Nafarroan, eta izapidetzen ari diren parke berriekin soilik potentzia % 50 handituko da. Eta horrekin batera, autokontsumorako ekoizpena sortzen du, azken 4 urteetan 12 aldiz biderkatu dena.

-11. GIH, hiri eta komunitate iraunkorrak: Nafarroa liderra da mugikortasun berriaren ezarpenean. 800 km bizikleta-errei inguru ditu erabilgarri eta aurrera doa ibilgailu elektrikoaren ezarpenean. 2023an Nafarroan matrikulatu ziren sei ibilgailutik bat elektrikoa izan zen; horrek estatuko batez bestekoa hirukoizten du. Foru Komunitateak du karga-hedapenik handiena Espainian, 2.500 puntu baino gehiagorekin, duela 4 urte baino ez zeudenak bider 10 eginez.

-16. GIH, bakea, justizia eta erakunde sendoak: Foru Komunitateak Nafarroako Bizikidetzarako I. Plan Estrategikoa egin du, “Nafarroa demokratiko, plural eta askotariko batean bizikidetza berdintasunean eta askatasunean eraikitzeko”. Plan honek Nafarroako bizikidetzaren egungo errealitatea baldintzatzen duen egiturazko esparruaren elementu nagusiak ditu barne, eta, bestalde, pertsonen, gizarte-taldeen eta erakundeen artean sortzen diren tentsio eta harreman nagusiak dakartza. Bere azken xedea da “gatazka-  eta intolerantzia-egoerak aldatzea, gorroto-mailak eta horien adierazpenak ahalik eta gehien murriztuz, diskurtso diskriminatzaileak saihestuz hala nola aniztasuna aberastasun gisa sustatuz”.

Chivite Lehendakariak Nazio Batuen Garapen Iraunkorrari buruzko Foroan parte hartuko du datorren astelehenean, hilak 15