Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria “aurrerabidearen begirada” eta “lehentasun sozial argiak” dituen Gobernu-ereduarekin jarraitzearen alde agertu da gaur goizean, “eraldaketek, politika publikoen inpaktuak eta kudeaketa estrategikoak denbora eskatzen baitute”.
Gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, Komunitatearen egoerari buruzko Eztabaida egingo dute Nafarroako Parlamentuan, eta, irekieran, Chivite Lehendakariak Gobernuak legegintzaldiaren hiru urte hauetan egindako lanaren balantzea egin du. Kontuan izan behar da tartean pandemia eta gerra bat daudela, eta “eraldaketak bizkortzen eta lehentasuna birkokatzen ari direla”, “egoeraren araberako eta artatu beharreko premia berriak sortzen ari diren bitartean”.
Era horretan, Maria Chivitek adierazi du “duela hiru urte abian jarritako bideak iraupen-lasterketa baten printzipioa izan behar duela”, eta “nahiz eta jada emaitzak ikusten ari garen, asko geratzen zaigula egiteko eta finkatzeko”.
Komunitatearen egoerari buruzko azken Eztabaidan, Lehendakariak onartu du “une hauetan, bereziki, garrantzitsua dela nork gobernatzen duen. Izan ere, gobernatzea baliabide publikoak kudeatze eta administratzea baino askoz ere gehiago da. Politika publikoak printzipio eta balio batzuen arabera diseinatzea da. Bide bat markatzea eta gizartearekin bat egiteko estrategia bat gidatzea, elkarrekin aurrera egiteko”.
Ukrainako gerra dela-eta sortutako premia berriei dagokienez, Maria Chivitek baieztatu du Gobernuak jakin badakiela “hilabete zailak datozela”, inflazioa, energiaren prezioak, erosketa-orga, hipotekak, lehengaiak edo hornidura-kateak igotzeagatik, “gure jarduera-marjina oso mugatuta badago ere”.
Ildo horretan, Lehendakariak onartu du Nafarroako Gobernuak diru-politikari buruzko erabakiak hartu ezin dituen arren, neurriak hartzen ari dela “prezioen inpaktu hori ahal den neurrian arintzeko eta gizarteari murgilduta gauden aldaketetan laguntzeko. Arlo publikoaren palankarekin jarraitu behar dugu, Nafarroa Europan puntako eskualdea izan dadin”.
Akordio programatikoaren betetzea
Nafarroako Lehendakariak bere hitzaldian jakinarazi du legegintzaldiaren hasieran sinatutako akordio programatikoan jasotako neurrien %89 jada bete direla edo betetzeko prozesuan daudela. “Bizi izan dugun eta oraindik ere bizitzen jarraitzen dugun konplexutasun-testuinguruan bagaude ere, konpromisoa hartutakoa betetzen ari gara”, adierazi du Maria Chivitek, eta nabarmendu du elkarrizketa eta akordioa direla tresnarik onenak “egonkortasun eta konfiantzarako, eta zentraltasunetik eta ulertzeko gaitasunetik ziurtasuna ematen zaiela zalantzazkoak diren garai hauei”.
Ildo horretan, Lehendakariak nabarmendu du Gobernuak Parlamentuan aurkeztutako legegintza-ekimenen %72 aurkako botorik gabe onartu direla eta %40 aho batez. “Hau egonkortasunaren eta zentraltasunaren argazkia da”, berretsi du Chivitek, eta, ondoren, ondorengoa adierazi du: “Kredentzial horiek aurkezteko gai den eta gutxiengo parlamentarioa duen Gobernuak esan nahi du arrazoizko proposamenak, proposamen zentzudunak eta gehiengo sozialarenak dituen Gobernua dela, eta, gainera, hitz egin eta entzun egiten duela, hain zuzen ere, babes zabala izatea lortzeko”.
Maria Chivitek azpimarratu du, halaber, “herritar gehiengoak bere burua errekonozitzen duela politika horietan eta egiteko modu horietan, hitz eginez eta entzunez, eta Nafarroa ulertzeko modu horrekin; hots, errespetutik, bizikidetza hobea izateko”. Aldi berean, “politika baliagarriaren papera aldarrikatu du, oparotasunaren eta guztion ongiaren zerbitzura egoteko”.
Autogobernua, talentua erakartzea eta bizi-kalitatea
Hitzaldiaren beste une batean, Lehendakariak nabarmendu du legegintzaldi honetan Autogobernuan aurrerapen gehiago lortu direla azken 20 urtetan baino. “Eta estrategia argiarekin egin dugu: konpromiso sendoa, elkarrizketa eta gure instituzionaltasunaren defentsa, Gobernua hau Nafarroan, Nafarroarentzat eta Nafarroarekin eginda baitago”, berretsi du.
Maria Chivitek baita ere aipatu du Nafarroak duen “potentzial izugarria” eta talentuari eusteko eta talentua Foru Komunitatera erakartzeko apustua. “Talentua eta ezagutza gizartearen ereduaren oinarri dira”, berretsi du Chivitek, eta Hezkuntzan, derrigorrezko etapari, LH Dualari edo enplegurako politika aktiboei emandako bultzada baloratu du, “ondo prestatutako pertsonak eta XXI. mendeko gizartearekin bat datozenak” izateko.
Azkenik, Maria Chivitek ondorengoa aitortu du: “aurrean zailtasunak izan baditugu ere, aurrerapen garrantzitsuak lortu ditugu zerbitzu publikoetan, eskubideetan eta arlo askotan; horiei esker, Nafarroak Espainian bizi-kalitate handieneko komunitatea izaten jarraitzen du eta pobrezia-tasa txikiena eta desberdintasun gutxien dituen komunitatea”.