Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak gaur, larunbata, Nafarroaren Eguneko ekitaldi nagusian Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederazioak (CEPES Nafarroa) “garapen sozialean eta ekonomikoan egiten duen ekarpena azpimarratu du” erakundeari Nafarroako Urrezko Domina ematerakoan. Sari honekin, Nafarroako Gobernuak “komunitatearekiko duen konpromisoa aitortu nahi du, bereziki eremu despopulatuetan, bai eta inklusioaren eta dibertsitatearen alde egindako lana ere”.
“Enplegua, aurrerapen iraunkorra, bidezko hazkundea eta hazkunde kohesionatzailea, hurbiltasuna, inklusioa. Horrela defini dezakegu zer den Gizarte Ekonomia Nafarroarentzat”, esan du Chivitek, eta nabarmendu du “prest dagoela lan egiteko, eraikitzeko eta modu aktiboan parte hartzeko hausnarketa-espazioetan, politika publikoen inguruko erabakiak zuen erantzukizun-eremuak ondoen ezagutzen dituzuenon ezagutzan eta esperientzian oinarritzeko”.
Horrela adierazi du Chivite Lehendakariak Foru Komunitateko sari nagusia CEPES Nafarroari emateko ekitaldian; saria Ignacio Ugaldek, erakundearen lehendakariak, jaso du. Ekitaldia Kultura eta Kirol Departamentuak Iruñean duen egoitzako isabeldar patioan egin da, eta bertan izan dira Foru Komunitateko agintari nagusiak; tartean, Parlamentuko lehendakaria, Unahi Hualde; Nafarroako Gobernuko delegatua, Jose Luis Arasti; Nafarroako Gobernuko kontseilariak, parlamentarioak eta alkatea, besteak beste.
Musikaz emakumeen “Heptameron” abesbatza arduratu da, Nafarroako Ganbera Abesbatzakoa, Miriam Mendivek zuzenduta. Nafarroako Ereserkia eta “Maritxu, nora noaz? / Artzai xirula”, “Soon ah will be done” eta “Canción de Boda” musika-piezak abestu dituzte.
“Giza konpromisoa eta konpromiso etiko sakona” duen ekonomia
Hitzaldian, Chivite Lehendakariak erakundearen ehun urteko ibilbidea azpimarratu du, une oparoak eta krisi-garaiak egon direla adieraziz. Hain zuzen ere, “une zailetan erakutsi duzue lurralde honetan sinesten duzuela; sortzaileak izan beharra zegoela, aberastasuna sortzeko konpromisoa berrestearekin batera, aberastasuna gizarte osora ekarriaz”.
Azpimarratu duenez, erakundearen nahia da ekonomia “pertsonen eta aukera-berdintasunaren esku egotea, gizartearen eta lurraldearen ikuspegitik. Ekonomiak giza konpromiso eta konpromiso etiko sakona izan behar du”.
“Zuen filosofia da atzean inor ez uztea, eta bide hori arrakastaz nola egin daitekeen erakusten duzue”, adierazi du Chivitek.
Omenaldia 70.000 laguni baino gehiagori
Bestalde, Ignacio Ugalde, erakundearen lehendakariak, saria eskertu du, “70.000 pertsona baino gehiagorentzako benetako omenaldia delako”. “Urrezko Domina sinbolo bat baino gehiago da, aurrera jarraitzera bultzatzen gaituen energia transmititzen du”, azpimarratu du.
“Gure komunitatea —nabarmendu du— aitzindaria izan da bere Gizarte Ekonomiako Plan Integralekin, eta horren definizioan Nafarroako CEPESeko partaide garen erakundeak ari gara lanean, Foru Gobernuarekin batera. Gaur zoriontsu eta harro senti gaitezke Nafarroa Urrezko Dominarekin Gizarte Ekonomia Soziala aintzatesten duen estatuko lehen erkidegoa delako”.
Azkenik, erakundeetara zuzendu da, “erabaki foro guztietan gurekin kontatzera” animatzeko. “Adostasuna sortzeko gaitasuna duen indar eraikitzailea gara, eta XXI. mendeko erronka handiei irtenbideak bilatzen lagundu nahi dugu”, amaitu du.
Nafarroako Urrezko Domina
Nafarroako Urrezko Domina Foru Komunitateko kondekoraziorik handiena da. Horrekin, 1982az geroztik, Nafarroako Gobernuak saria eman die pertsona, instituzio, erakunde eta kolektiboei, gizartea hobetzen, balio demokratikoak finkatzen eta Foru Komunitatea kanpoan proiektatzen egin duten ekarpenarengatik nabarmenak izateagatik.
Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederazioa 1982az geroztik saria jaso duten 38 pertsona edo erakunderen zerrendan sartu da.