Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional hau onartu du gaur, ostirala, martxoak 21, Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara:
“Martxoaren 21a Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da, eta, horren harira, Nafarroako Gobernuak irmo berresten du konpromiso sendoa duela arrazismoaren, xenofobiaren eta aporofobiaren aurka, eta jatorriagatiko, kulturagatiko edo talde etniko batekoa izateagatiko diskriminazio ororen aurka, esparru publikoan, pribatuan nahiz digitalean.
Nazio Batuen batzar orokorrak egun hori aldarrikatu zuen Sharpevillen (Hegoafrika) 1960an izandako errepresio tragikoa oroitzeko. Egun hartan, protesta baketsu baten aurka egin zuten indarrez, eta 69 lagun hil. Gertaera hori ez da inola ahaztu behar, are gutxiago gaur egun, gorroto diskurtsoak eta migratzaileen gaineko gezurrak bolo-bolo dabiltzan honetan, guztiak ere herritarrak zatitzeko eta atzerritarren eskubideak eta duintasuna urratzeko asmoz.
Duela urte batzuetatik hona, Nafarroako Gobernua arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko estrategiaren alde egiten ari da, hezkuntzan, informazioan eta gizartearen parte-hartze aktiboan oinarrituta. Hori guztia, sinetsita baikaude elkar ezagutzea eta aniztasuna errespetatzea dela benetako bizikidetza plurala eraikitzeko oinarria, pertsona oro erabat garatu eta baloratua sentitu dadin, edozein izanik ere haren jatorria, azalaren kolorea edo kultura.
Nafarroak urrats historikoak egin ditu alderdi horretan. Nafarroako Gobernuak Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzeko Foru Legea onetsi du, eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana garatu, eta, hala, tresna eta espazio batzuk finkatu ditu diskriminazio mota oro hautemateko, salatzeko eta desagerrarazteko. Aurrerapen horiek guztiek erakusten dute irmo eta modu koordinatuan jarduteko konpromisoa dagoela, herritar gehienen nahiekin eta balioekin bat.
Kulturarteko bizikidetza eta inklusioa ezinbesteko zutabeak dira Nafarroa solidarioa eta bidezkoa eraikitzeko. Izan ere, aniztasuna ez da oztopo bat, baizik eta Nafarroako gizarte-sarea indartzen duen aberastasuna, eta, hala, diskriminazio mota oro eraitsi beharreko horma bat da berdintasunezko gizarte bat lortzeko bidean.
Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak, adierazpen honen bidez, azpimarratu nahi du konpromiso hori ez dela urteko egun bakarrera mugatzen, baizik eta gizartearen lema gidatu behar duela urteko 365 egunetan. Horretarako, Gobernuak konpromisoa du aurrerantzean ere erkidego bidezkoago baten alde lan egiteko, non tolerantzia, errespetua eta elkartasuna balio unibertsal eta eraginkorrak izanen baitira eguneroko bizitzan. Izan ere, hezkuntzaren, sentsibilizazioaren eta gizarte-eragile guztien baterako ekintzaren bidez eraldatzen ahalko da errealitatea, Nafarroa benetan ireki eta inklusibo bat eraikitzeko, bere aniztasunaz harro egonen dena.
Pertsona orok merezi du aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabe bizitzea, eta gorroto-ekintza orok herritar guztiei kalte egiten die. Horregatik, Nafarroako Gobernuak berresten du giza eskubideen aldeko konpromisoa duela, eta helburu duela halako bizikidetza-proiektu bat eraikitzea, zeinak justizia, berdintasuna eta aniztasunaren errespetua izanen baititu oinarri.”