Nazionalitate ezberdinetako 25 gazte ari dira abuztuaren 16az geroztik parte hartzen frankismo-garaiko barrakoi batzuk berreskuratzeko lanetan, Etxalarren eta Beran. Gaur goizean, “Muga gotortua” auzolandegian izan dira Javier Remirez lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilaria eta Ana Ollo Herritarren Harremanetako kontseilaria.
18 eta 24 urte arteko parte-hartzaile gazteak honako eskualde hauetakoak dira: Aragoi, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Madrilgo Erkidegoa, Extremadura, Murtziako Eskualdea, Nafarroa eta Frantzia, Italia, Turkia eta Mexiko bezalako herrialdeetakoak ere bai. Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) eta Nafarroako Memoriaren Institutuak 2017an hasitako lanei jarraipena ematen ari dira.
“Hormigoizko Mugak” proiektuaren barnean kokatzen den jardueraren helburua da egitura horiek lokalizatzea, berreskuratzea eta katalogatzea, gazteei nahiz gainerako gizarteari horien eraikuntzaren testuingurua ikusarazteko.
Remirez eta Olloz gain, bertan izan dira NGIko zuzendari kudeatzailea, Carlo Amatriain; Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusia, Martin Zabalza; eta Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, Jose Miguel Gaston.
“Gazteriak duen konpromisoa memoria historikoa berreskuratzearekin”
Remirez lehendakariordeak nabarmendu du “gazteek auzolandegi honetan nahiz Nafarroan udan garatu diren beste batzuetan egindako lanen balioa”. Izan ere, “lan horrek gazteek eta gizarteak memoria historikoa berreskuratzeko duten konpromisoa erakutsi du, eta bizikidetza, errespetua eta ingurumen-iraunkortasuna bezalako balio demokratikoen bereizgarri dira”.
Bestalde, Ollo kontseilariak adierazi du “iraganean Nafarroan gertatutako izua eta basakeria ezagutu behar dituztela gazteek, bakea, bizikidetza eta giza eskubideekiko errespetua bezalako balioak oinarri izango dituen gizartea eraiki ahal izatearren. Memoria etorkizuneko tresna bat da, ezinbestekoa, gizarte zuzenagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko”.
Kontseilariak azpimarratu du garrantzitsua dela lan itzel hori berreskuratzea, “gaur egun ia ez baita ezagutzen; beraz, egitura horietako batzuk gazteek berreskuratzeak eta garbitzeak aurrera egiten lagunduko digu memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzen, eta bisitariek eta inguruko biztanleek aukera izango dute iragan hurbil baina askotan ezkutukoa den horretara hurbiltzeko”.
“Pirinioetako Defentsa Antolakuntzaren” egiturak
Aurten, prospekzio lanak izan dira Suspela ingurunean aurkitutako barrakoiak eta metrailadore-habia bat berreskuratzea, Bera ekialdetik kilometro bat baino gutxiagora, eta beste bi metrailadore-habia Etxalartik gertu. Egitura horiek “Pirinioetako Defentsa Antolakuntza” bezala ezagutzen den proiektuan kokatzen dira; hau da, Frankoren diktadurak bultzaturiko proiektua, muga franko espainiarra indartzeko Pirinioetan zehar, milaka bunker jarrita Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino.
Obra horiek 1939 eta 1950 urte artean egin ziren. Horiek eraikitzeko, berriz, fase ezberdinen arabera, eskulan behartua erabili zen, Langileen Batailoietan kokatua eta, ondoren, ordezkatzeko soldaduak. Orain, egitura horiek berreskuratuta, ikusgarritasuna eman nahi zaie, batez ere horiek eraikitzen parte hartzera behartuak izan ziren pertsonei.
Gerora, “Memoriaren Gune” bezala onartu ziren, egindako testuinguru historikoak kokatzearekin batera. Era horretan, nahi duten pertsona guztiek bisitatu ahal izango dituzte.
Berreskuratzeko goizetan egiten duten lanaz gain, gazteek bisita eta jarduera ezberdinak egin dituzte Baztan eta Bortzirien inguruan, ingurunea eta gerraosteko eta diktadura frankistaren garaiko historia sakonago ezagutzearren.
175 gaztek hartu dute parte 7 auzolandegietan
Honako hau Nafarroan udan zehar egin diren zazpi auzolandegietako azkena da. Guztira, autonomia erkidego eta herrialde ezberdinetako 175 gaztek hartu dute parte espazio horietako batean.
Bera-Etxalarko auzolandegi horrekin batera, Nafarroako Pirinioetako muga gotortuko bunkerrak berreskuratzeko proiektuari jarraituz, beste bi burutu dira Otsondon eta Erronkarin.
Ondare Historiko-Kulturalaren modalitatean, gazteen bi auzolandegitan burututako indusketa arkeologikoa aurkitzen da, Mañerun Bargotako Monasterioan burutua.
Azkenik, ingurumenaren aldetik, bi eremu garatu dira: Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean eta Urbasa-Andiako Parke Naturalean.
Nafarroako Gobernuak, NGIren bitartez, eta hainbat Autonomia Erkidegorekin eta Nazioarteko Boluntariotzako Zerbitzuarekin lankidetzan, gazteek modalitate eta leku ezberdinetako Gazte Auzolandegietan parte hartzea bultzatzen du. Jarduera horien xedea da bizikidetza, tolerantzia eta lankidetza-izpiritua sustatzea da, hainbat eremutako kultura, historia eta tradizioak gerturatuta.
Programari esker, Nafarroako 80 gaztek parte hartu ahal izan dute Gazteentzako Auzolandegietan estatu-mailan, Aragoin, Galizian, Andaluzian, Balear Uharteetan, Kantabrian, Gaztela eta Leonen, Katalunian, Ceutan, Valentziako Erkidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Errioxan eta Madrilen, eta, nazioartean, Alemanian, Estonian, Frantzian, Italian eta Armenian.